Asteazken honetan, urriak 26, Pabellón 6en 'Love & Money' izeneko antzezlanaren erabateko estreinaldia jaso egingo du Arriaga Antzokiak. Antzezlan hau Dennis Kellyren lanaren euskarazko egokitzapena da.

Idoia Barrondo arduratu da Kellyk hain berezko duen hizkera gordina, ironiaz betea eta, aldi berean, trufaz betea euskarara ekartzeaz, eta egindako lanaren emaitza aste honetan ikusi ahal izango dugu, Cécile Marquettek zuzendutako antzezlan benetan interesgarri honetan.

Lehen aldia da Pabellón 6ek soilik euskaraz ekoitzitako antzezlan bat eskaintzearen alde egiten duela. Arriaga Antzokian estreinatu ondoren, datorren astetik aurrera, azaroaren 4tik hilaren 27ra arte, hain zuzen ere, han izango du egoitza antzezlanak.

Bost antzezlek defendatuko dute oholtza gainean Love & Money, gordintasunez eta aldi berean umorez, kontsumo-gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruz hausnartzera gonbidatzen eta bultzatzen duen pieza. Ugaitz Alegriak, Aitor Echarte Merinok, Eneritz García Alonsok, Miriam K. Martxantek eta Aiora Sedanok oholtzara daramaten istorioak zorpetutako bikote bat jartzen du ikusleen aurrean, eta haren infernurako jaitsiera erakusten digu, diruarekin obsesionatuta dagoen gizarte batean maitasunetik zer geratzen den galdetzeko.

Cécile Marquette zuzendaria antzerkiaz baliatzen da pertsonen pentsamoldea zabaltzen saiatzeko eta bizi garen munduaren inguruan gogoeta egitera animatzeko. Horri dagokionez, berak azpimarratzen du Love & Money irakurri zuenean, zerak hunkitu zuela “gizarte honetako errealitaterik basatienetako bati buruz hitz egiteko duen gaitasunak, zikoizkerian eta moralismoan erori gabe. Ahulak zein moralik gabeak, biktimak zein martirizatzaileak, eszenaratzen diren pertsonaiak eguneroko bizitzako pertsonaiak dira, beren bulkaden eta gizarte materialista eta indibidualista baten presioen artean harrapatutakoak”.

Sinopsia

David maitemintzen ari da. Arrazoi profesionalengatik neska frantses batekin duen e-mailen trukeak maitasunean sinetsarazi du berriro. Baina Davidek sekretu bat dauka. Sekretu hori jasanezina da, eta emaztearen heriotzaren benetako inguruabarrei buruzko aitorpen txundigarri batera eramango du.

Jess maiteminduta dago. Zoriontasuna eros daitekeela uste du, baina ez da merkea kredituak eta zorrak erraz pilatzen diren mundu honetan.

Alderantziz kontatutako fabula garaikide ilun honetan, Dennis Kellyk planteatutako funtsezko galdera honako hau izan liteke: zer geratzen da maitasunetik diruarekin obsesionatuta dagoen gizarte batean? Zorpetutako bikote baten infernuetarako jaitsierarekin, gure buruari kontsumo-gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruzko galderak egitera gonbidatzen gaitu. Baita geure nahiei buruz ere.

Dennis Kelly egileari buruz

Dennis Kelly Londresen jaio zen 1969an. Bere hizkera gordinarekin, umore trufariarekin eta gure egungo gizartearen gaitzak eszenaratzeko gaitasunarekin, berehala bihurtu zen bere belaunaldiko egilerik oparoenetako bat, eta baita in yer-face antzerkiaren oinordeko duina ere.

Antzerkirako egindako obren artean daude, besteak beste, Debris, Osama the hero, After the end, Love and Money, Taking care of baby, DNA, Orphans, The gods weep, The ritual slaughter of Gorge Mastromas eta Girls and boys. Telebistarako, berriz, Utopia, Pulling (lankidetzan idatzitako eta sortutakoa) eta The third day (lankidetzan sortutakoa) idatzi eta sortu zituen, eta Black filmaren gidoia ere idatzi zuen. Horrez gain, Matilda The Musical obraren gidoia ere idatzi zuen, Olivier eta Tony Award sarietan saritua, eta 2010ean DNA Bigarren Hezkuntzako Agiri Orokorreko literatura-programaren nahitaezko testuen zerrendan sartu zen.

'Love and Money' 2006an idatzi zuen, eta umorez eta krudelkeriaz disekzionatzen ditu neoliberalismoaren eta bere pertsonaiak hondoratzen dituen angustiaren bilakaera negatiboak. Pertsonaia zaurgarriak zein immoralak, biktimak zein martirizatzaileak.