Síguenos en redes sociales:

Arriaga Antzokiak hasiera emango dio ekoizpen propioari

Datorren asteko ostiralean, urriak 14, emango dio hasiera Arriaga Antzokiak bere ekoizpen propioari. Ekitaldia arratsaldeko 19.30ean hasiko da.

Gainera, ekoizpen hau oso berezia da: Moto-Membra Jesu Nostri da —Andoni Sierra da musika-zuzendaria eta Lucía Astigarraga eszena-zuzendaria—, zeinetan musikaren historiaren maisulan ez oso ezagun baten interpretazioa eta Eneko Sagardoyk ikuskizun honetarako berariaz idatzi duen eta antzeztuko duen testu berri eta hunkigarria uztartzen baitira agertokian.

Zehazki, Moto-Membra Jesu Nostri Dieterich Buxtehudek 1680. urtean konposatu zuen Membra Jesu Nostri kontzertuaren antzezpena da.

Kristoren oinei, belaunei, eskuei, alboari, bularrari, bihotzari eta buruari eskainitako zazpi kantatako ziklo hau Conductus Ensemble musika barroko eta errenazentistan espezializatutako taldeak joko du zuzenean.

Aipatu beharra dago talde horrek, Sierraren zuzendaritzapean, IBS Classical zigilua duen CD bat argitaratu berri duela, Buxtehuderen maisulan honi eskainia, hain zuzen ere, funtsezkoa baita XVII. mendean zehar musika germaniarrak izan zuen bilakaera ulertzeko. Hala ere, egile ausarta eta berritzailea izan arren, eta Bach edo Händel jenioek miresten bazuten ere, bere lanak ez du ospe bera lortu.

Horregatik guztiagatik, Arriaga Antzokiaren ekoizpen berriaren alderdi azpimarragarrienetako bat da musikaren historiako harribitxi hau ikusleei hurbilduko diela, Conductus Ensembleri esker, taldea osatuko duten 15 ahotsei eta 11 instrumentistei esker (Andoni Sierra bera barne). Hamabost ahots horien artean bost bakarlari egongo dira: Jone Martínez eta Lucía Gómez sopranoak, Leandro Marziotte altua, Aitor Garitano tenorra eta Jesús García Aréjula baritonoa.

Gainera, ekoizpen honek Buxtehuderen obra bikaina eskaintzeaz gain, Eneko Sagardoyren ekarpenarekin aberasten du. Euskal aktore bikainak testu bat idatzi du eta antzeztu egingo du, ustez moto-istripu bat izan ostean betirako desagertzen den gizon bati buruz, eta geratzen den haren maitasunari buruz. Agertokian, solasaldi bat ikusi ahal izango dugu, egile germaniar-daniarraren musika finaren eta Sagardoyren testu hunkigarriaren artean, edertasun handiko uneak eskainiz.

Eta hori guztia Lucía Astigarragaren eszena garaikide zainduaren baitan gertatzen da: parte hartzen duten artista guztiei arnasa eta protagonismoa ematen dien proposamen soil baten alde egin du. Sortzaile getxotarrak, ikuskizuna zuzentzeaz gain, dramaturgia ere eraiki du, eta baita eszenografia diseinatu ere.

Lucía Astigarraga ibilbide profesional sendoa eraikitzen ari da eta gai da, aldi berean, aktore gisa jarduteko (duela gutxi, Erresuma/Kingdom/Reino antzezlanean parte hartu zuen) eta Calixto Bieitoren lan askoren zuzendari laguntzaile gisa jarduteko. Azken urteetan eta oso modu naturalean, Astigarragak eszena-zuzendaritzarako jauzia egin du eta proiektu garrantzitsuak zuzendu ditu, hala nola 2021ean Theater Aachen-en Carmenen muntaia bat edo Moto-Membra Jesu Nostri, Arriaga Antzokiaren ekoizpen berria.

Talde sortzailean daude, halaber, Pau Aulí —jantzien diseinuaren arduraduna— eta Alberto Rodríguez Vega —Moto-Membra Jesu Nostriren argiztapenaren arduraduna.

Ideia eta sinopsia

Moto-Membra Jesu Nostri galderetatik abiatzen den ikuskizun bat da: “Zenbateraino hitz egiten dute gure gorputzek gutaz? Pertsonaren zerbait geratzen al da haren gorpuan? Zer geratzen da gutaz elkar maite izan dugun leku horietan? Inork ez du zure berri izango, inork ez du nire berri izango, inork ez du gure berri izango. Forentseak etzanda zauden errepideari galdetuko balio, badakit nire izena xuxurlatuko lukeela”.

Heriotza ikusten dugunean, ez da norberarena izaten; haatik, haren islan proiektatzen dugu gure burua, eta gure bilakaerari buruzko erantzunik gabeko galderekin atsekabetzen gara. Galerak min jasanezina sortzen du. Maite duen pertsona baten istripuzko heriotza, bat-batekoa eta ustekabekoa, ageriko arrazoirik eta justifikaziorik gabe gertatutakoa. Eldarnioak dena nahas dezake, iragana edertu, munduaren ikuspegia modu dramatikoan ilundu edo bizitako egoerak behin eta berriz birsortzera eraman gaitzake, gure burua etengabeko analisi obsesibo batean murgilduz. “Ni”a “gainerakoekin” harremanetan dago, eta kontsolamendu eta itxaropen bila birsortzen da, sarritan behar horiek asetzea lortu gabe.

Musikak Kristoren heriotzari abesten dio, pertsona guztion bizitzako uneren batean pribatu eta pertsonal bihurtzen den tragedia unibertsal handiari. Gorputzak eta bere zatiek aktore bakar bat osatzen dute, bi arimatan bizi dena. Enekok Josuren maitasuna gogoratzen du, eta haren haurtzaroko basoan murgiltzen da, haren galera ulertzeko asmo bakarrarekin.

Obraren xehetasunak

Dieterich Buxtehude (1637-1707) konpositorearen ausardiak eta talentuak, bere planteamenduen zorroztasunak, formen berrikuntzak eta perfekzioaren etengabeko bilaketak definitzen dute egin zuen lan bakoitza. Membra Jesu Nostri (Euskaraz: Jesus gure jaunaren gorputz-adarrak), BuxWV 75, Dieterich Buxtehudek 1680. urtean konposatutako zazpi kantatako zikloa da. Zazpi zatietako bakoitza Jesu Kristoren gorputz gurutziltzatuaren zati bati eskainia dago: oinak, belaunak, eskuak, alboa, bularra, bihotza eta burua.