Ekain Ibarguren azpeitiarrak txikitatik dauka pailazo izatearen grina. Egun, 25 urte dituela, Gure Zirkuko partaideetako bat da eta bertan dabil buru belarri, malabarista eta pailazo lanetan, zirkua duela bost urte sortu zenetik. Gaitasunetatik haratago, ogibidea gustuko izatea eta lana aurrera eramateko saiakerak egitea ezinbesteko direla uste du ingurune artistiko horretan.

Nolatan sortu zitzaizun pailazo izateko interesa? Txikitatik nahi izan zenuen?

Txikitatik erakartzen ninduen zerbait zen eta ez nuen neure burua beste ezertan ikusten. Txikitatik hasi nintzen: inauterietan beti pailazoz mozorrotzen nintzen eta eskolan, antzerkia egiten zenean, beti pailazoarena egiten nuen. Pixkanaka, an-tzerki klaseetara apuntatu nintzen eta malabarismoa ikasi nuen. Horrez gain, antzerki talde bat sortu genuen, pailazo talde bat; bost gazte juntatu ginen eta, 14-15 urterekin, herriz herri hasi ginen. Geroago, Iker (Galartza, Gure Zirkuko arduraduna) ezagutu nuen eta fitxatu egin ninduen.

Formakuntzaren bat izan duzu?

Ez. Bizia aurrera doan heinean, ikasten eta gauza berriak probatzen zoaz. Sekula ez naiz egon eskola batean titulu bat lortzeko. Ekidin egin ditut; nire kabuz aritzekoa naiz eta ez dut gustuko gauzak nola egin behar dituzun dioen norbait izatea. Are gehiago, gero unibertsitatean hasi nintzen Haur Hezkuntza ikasten, antzerkiarekin zerikusia ez zuen zerbait, baina utzi egin nuen hori ere. Pailazo izaten hasi nintzen, naiz eta hortik bizi ez. Pixkanakakoa izan zen.

Zein izan zen zure lehenengo pailazo lana?

Eskolan, DBHn eta batxilerrean ari nintzela, kurtso bukaeran jaialdi bat egiten zen eta beti etortzen ziren eskolan antzerkian genbiltzanoi ea eskolako haur txikienentzat zerbait prestatu nahi genuen galdetzera. Urte batean, pailazoarena egingo diagu pentsatu genuen. Antzezlan txiki bat prestatu genuen egun batean, pailazo gisa; egin genuen eta, hortik aurrera, beste eskoletatik deitzen hasi ziren, herri txikietako festetatik, auzoko festetatik… Pixkanaka, ezagunak egiten hasi ginen. Gehienak bezala, nik uste.

Nolatan amaitu duzu Gure Zirkuan? Nola lortu zenuen sar-tzea?

Pailazo taldea sortua geneukan eta bakoitzak bere ikasketekin jarraitu zuen. Baina taldea desegin behar izan genuen, ez baigeneukan horrenbeste denbora. Bost gazte ginen; bat Bilbora joan zen bizitzera, ikasketengatik; beste bat Donostiara, beste bat ez dakit nora eta pixkanaka, taldea uzten hasi ginen. Bostetik hiru gara ikuskizunetik bizi garenok: bat musikaria da, beste bat aktorea eta gero ni, zirkuan. Bakoitza bere bidetik hasi zen eta nik erabaki nuen pailazo bezala jarraitzea, baina ni bakarrik. Malabaretan iaioa nintzenez, Poxpolo eta Konpainiari bidali nizkion pare bat bideo, beraiek malabarista lanetan aritu nahi nuela jakin zezaten. Ikerrek idatzi ninduen, kontaktuan jarri ginen eta, zirkua hasi aurretik, Poxpolo eta Konpainiaren azkeneko lau emanaldietan parte hartu nuen. Hortik aurrera, Ikerrek karpa erosi zuen, talde bat sortzen hasi zen eta nirekin kontatu zuen.

Nolakoa da Gure Zirkuan egiten duzun ikuskizuna eta nola presta-tzen duzu?

Gure Zirkuan dudan papera Payaso contra Augustorena da, pailazo hirukotetik inozenteena izango li- tzatekeena; eta gero, baita malabaristarena ere. Pailazo bezala, prestaketa beste edozein aktorerena bezalakoa da. Zuk grazia pixka bat eduki eta ideia bat irudikatuz gero, ez dago asko entseatu beharrik. Egia da guk Gure Zirkuan, astero-astero, lau edo bost emanaldi egiten ditugula; beraz, oso metodiko egiten dugu dena. Malabaristarena, berriz, saiatu izate kontua da. Bi aste entrenatu gabe pasatzen baldin badituzu, akabo; egunero egin behar da. Egunero-egunero saiatzen naiz kirol pixka bat egiten; gero, nire pilotak eta mazoak hartu eta pare bat ordu pasatzen ditut nire ariketak entrenatzen. Emanaldien kasuan, pare bat ordu lehenago hasten naiz; 19:00etan bada, 17:00ak aldera hasten naiz berotzen. 17:00etatik 18:30ak arte aritzen naiz; ondoren, aurpegia margotu, pailazoz jantzi, mikrofonoa jarri eta zuzenean noa esketxak egitera.

Zein da ikuskizunetan parte har-tzetik gogokoen duzuna?

Gauza asko daude. Jende askok esango du lan txarrena muntatzea eta desmuntatzea izango da, baina horretan ere oso ondo pasatzen dugu. Egia da lan gogorra dela eta batzuetan nekatu egiten garela. Baina muntatze eta desmuntatzeetan nahiko ondo pasatzen dugu, zirku batean lan egiteko beste modu bat da eta asko ikasten duzu. Ikuskizunari dagokionez, pailazo bezala asko disfrutatzen dut eta nik uste horrela ibiliko naizela. Malabarismoa ez da bizi osorako izango: 50 urterekin agian ezingo dut jarraitu malabarista bezala, baina pailazo bezala bai. Malabarista izatea ere gogoko dut, egunero erronka berri bat da, egun batean lau pilotekin saiatzen bazara, hurrengo asterako gehiagorekin izango da. Zure buruari erronkak jartzen dizkiozu. Modu guztietan disfrutatzen duzu.

Zirkuaren mundu barruan, beste rolen bat probatzea gustatuko litzaizuke?

Kontua zure burua zertarako prestatuta duzun da eta nire kasuan esketxak egiteko da, komiko eta pailazo bezala. Gero, nire espezialitatea, teknika potenteena, malabarismoa da. Ez dakit akrobaziak egiten, ez daukat orekarik, ezta trapezio batera igotzeko indarrik ere. Kontuan hartu behar da urte askotako entrenamendua dela; ez da hilabete batean pixka bat entseatuko dut, ea trapezioan aritzea nolakoa den eta listo. Ez, hori urtetan garatu behar den lana da. Zirku batean malabarista bazara, hori da zarena.

Zein zailtasun topatu dituzu bidean?

Hasieran jendeak ekidin egiten zaituela, arraroa izango bazina bezala. Ez dakit nola esan. Jendeari arraroa egiten zaio 14 urteko gazte batek nik pailazo izan nahi dut esatea; ah, ba bai, utziozu. Jende askok ez du ulertzen, oztopoak jar-tzen dizkizu. Gero, egia da lan horretan sartzea lortzen duzunean eta horretatik bizitzea, jendeak beste modu batera errespeta-tzen zaituela, ikusten duelako esaten duzuna ez dela txorakeria bat. Zure lana dela, beste edozein lan bezala. Nik uste dut zailtasuna soziala dela gehiago.

Zeintzuk lirateke, zure ustez, pailazo izan nahi duen norbaitek izan beharko lituzkeen ezinbesteko ezaugarriak?

Ni naiz pailazo eta ez dakit nola esan. Gustatu egin behar zaizu. Zuk pailazo bat ikusten duzunean, an-tzematen diozu benetan lan hori gustatzen zaion edo ez. Egin behar duzuna da saiatu, ez daukazu zertan graziosoena izan beharrik. Zuk zure lana ondo egiten baduzu, txiste denak ondo sartzen baldin badakizu eta sinpatiko samarra baldin bazara, nik uste pailazo izan zaitezkeela. l