Irailaren 12tik 18ra bitarteko astea berezia izango da Gasteizen, Arabako hiriburuak Maia jaialdiaren edizio berri bat jasoko baitu. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta aurreko bi edizioak murrizketekin egin behar izan ondoren, normaltasun osoa berreskuratuko du edizio honek.

Jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan Estibaliz Canto Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, Jesús María García de Cos Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak eta José Ángel Suárez Magialdiko zuzendariak hartu dute parte.

“Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailetik Magialdia babesten dugu urtero bezala, Gasteizko gizartean egiten duen ekarpena izugarri baloratzen dugulako. Magia inoiz baino beharrezkoagoa da gaur, beraz, ikusminez espero dugu aurtengo Jaialdia”, nabarmendu du Cantok.

Jose Angel Suarezek, bestalde, programaren nobedadeak aurkeztu ditu. Bertan, nazioko eta nazioarteko ilusionistek parte hartuko dute.

Jaialdiaren zuzendariak jakinarazi duenez: “bi urtez gabe egon ondoren, Magialdira itzuliko dira Ameriketako ‘Penn & Teller Fool Us’ telebista-saioetarako entzunaldiak; Gasteizen soilik izango dira Europa osorako entzunaldi horiek”.

Ohiko gala eta gaualdiez gain, Suarezek ‘Dentro de lo invisible’ (ikusezinaren barruan) proposamena nabarmendu du, irailaren 12tik 14ra Santa Maria Katedraleko elizpean egingo den magia ikuskizun paregabea.

Hauek dira edizio honetarako baieztatutako magiaren profesionalak:

Estatutik: Miraver, Öscar Escalante, Iván Fernández, Didak, Struc, Eriz magoa, Luis Boyano, Víctor Piña, Marsel, Iván Santacruz, Pepo Capel, Juan Luis Rubiales, Diego y Elena, Zinthya, Jaime Figueroa, Paco Agrado, Murphy, Miguel Ángel Gea, Lionel Gallardo eta Jordi Camí.

Beste herrialde batzuetatik:

Malin Nilsson (Suedia), Yann Brieuc (Frantzia), Bruno Tarnecci (Peru), Jurgen & Florette (Frantzia), Marco Aimone (Italia), Luis Otero (Venezuela), Juan Esteban Varela (Txile), Mirko Callaci (Argentina), Manho Han (Hego Korea), Juliana Chen (AEB), Artem (Errusia), Felix Guyonnet (Frantzia), Filiberto Selvi (Italia), Carola Scialabba (Argentina), Giancarlo Scalia (Italia), Gabriel Gascón (Txile) eta Adrián Conde (Argentina).

“Gasteiztar guztiak gonbidatu nahi ditut Magialdia 2022k proposatutako hitzordu interesgarrietara joan daitezen. Irailaren 12tik 18ra bitartean izango da, Gasteizen”, adierazi du zinegotziak.

Aurreko edizioetan bezala, Estatu osotik eta beste herrialde batzuetatik etorritako 200 mago, profesional eta afizionatu baino gehiago etorriko dira Magialdiak irailaren 16tik 18ra Europa Biltzar Jauregian eskainiko duen programa profesionalean parte hartzera.

Magialdiaren aurretik Magialdiaraba jaialdia ospatuko da, probintzia osoan zehar magia ikuskizunak eskainiko dituena.