La Jaula de las Locas abuztuaren 18an iritsiko da Arriaga Antzokira, Aste Nagusian musika jartzeko. Hain zuzen ere, musikalak 30 emanaldi eskainiko ditu irailaren 11ra arte, eta sarrerak salgai daude dagoeneko 20 eta 59 euro arteko prezioan.

Nostromo Live-k ekoitzia, Àngel Llàcer eta Manu Guix-en zuzendaritzapean eta Miryam Benediteden koreografiekin. Ikuskizunean 24 artista eta musikarik jardungo dute zuzenean, eta Àngel Llàcer bera eta Ivan Labanda dira protagonistak, biek egiten baitute Zazarena.

La Jaula de las Locas ikusle guztientzako ikuskizuna da. Tramak tonu dibertigarri eta ironikoa duenez, musikala ikusle guztientzako komedia ezin hobe bihurtzen da, eta mundu osoko milioika pertsonen txaloak jaso ditu jada. Arriaga Antzokiak gaur bertan jarriko ditu salgai abuztuaren 18tik (estreinaldiko egunetik) irailaren 11ra bitartean eskainiko dituen 30 emanaldietarako sarrerak.

La Jaula de las Locas (La Cage aux folles), jatorriz, Jean Poiret antzerkigile frantsesak idatzi eta antzeztutako antzezlana da, 1973an Parisen estreinatu zena. Antzezlan gisa, 2.000 emanalditik gora egin zituen eta 15 urtez jarraian egon zen ikusgai.

Eszenaratze berri hau Jerry Herman eta Harvey Fiersteinen formatu handiko bertsio musikalean oinarritzen da, 1983an Broadwayn estreinatu zen eta sei Tony sari irabazi zituen hartan. Horrez gain, 2010eko Broadwayren bertsio revivala ere hartzen du erreferentzia gisa, hiru Tony Sari eta hiru Drama Desk Awards irabazi zituena. La Jaula de las Locas generoaren historian bereziki garrantzitsua den ikuskizuna da, sozialki sentikorrak diren gaiak modu ireki eta optimistan eszenaratzeko estiloan eta moduan eragin erabakigarria izan duena.

La Jaula de las Locas Broadwayko historian mila emanaldiak gainditu zituen lehen musikala izan zen, eta baita besaulki-patioko sarrerak 47.5 dolarretan kobratu zituen lehena ere. Broadwayn izandako arrakastaren ondoren, La Cage aux folles West Endera iritsi zen, eta baita Berlinera ere, eta orduz gero etengabe antzeztu da mundu osoan. Historiako musikalik ezagunenetakoa da eta hainbat dira zinemarako egin diren egokitzapen arrakastatsuak. Testuaren gaztelaniazko bertsioa Roser Batalla eta Roger Peñarena da.