Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 2022. urteko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duten bertsolarien izenak jakinarazi ditu astearte honetan, Arabakoen faltan. Azken bi edizioetan garaile izan diren Maialen Lujanbiok edota Amets Arzallusek parte hartuko dute, besteak beste. Pandemiaren eraginez, lau urtetik behin ospatzen den lehiaketa urtebete atzeratuko zela iragarri zuten 2020an. Horrela, aurtengo edizioa, irailaren 24an abiatuko da Getxon, eta 2005etik finalak Barakaldoko BECen egin eta gero, tokiz aldatuko da. Beraz, finala abenduaren 18an izango da Iruñeako Nafarroa Arenan.

Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, ekainaren 22an aurkeztuko dira txapelketaren xehetasun guztiak. Momentuz, duela urtebete baino gehiago adierazi zuten bezala, Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022ko udazkenean ospatuko dela berretsi dute. Izan ere, aurretik zenbait lurraldeetako txapelketekin gertatu zen bezala, atzeratzea erabaki zen. “Orain pentsaezina den jende multzoa elkartzen duen kultur ekitaldia da txapelketa, eta, osasun irizpideak aintzat, gerta liteke momenturen batean parte hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzea. Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago”, azaldu zuten erabakia jakitera eman zutenean.

Horrela, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren atzerapenean eragin zuzena izan dute lurraldeetako txapelketen atzerapenak. Parte hartzeko aukera lurraldeetako txapelketetan eskuratu dute bertsolariek: 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, 2021ean amaitutako Bizkaikoan, Nafarroakoan eta Xilaban (Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoakoa), eta oraintxe egiten ari den Arabako Bertsolari Txapelketan, hain zuzen. Esaterako, Arabako Txapelketa ezustean atzeratu behar izan zen neguko osasun egoera tarteko, eta ekainean amaitzen denean irekiko zaie sailkatuei izena emateko aukera. Orduan ezagutuko dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko ordezkari arabarrak.

Ordura arte, hau da Bertsolari Txapelketa Nagusian izena eman duten bertsolarien behin behineko zerrenda: Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Amets Arzallus, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Eneko Lazkoz, Eñaut Martikorena, Gorka Pagonabarraga, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Imanol Uria, Iñaki Apalategi, Iñigo Mantzizidor, Joanes Illarregi, Jone Uria, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Akizu, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita, Patxi Iriart, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina, Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Unai Mendizabal, Xabat Galletebeitia eta Xabier Silveira.

TOKI ALDAKETA

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia tokiz aldatuko da aurten, finala egiteko baldintzak dituela aztertuta, Iruñeako Nafarroa Arenak hartuko baitu finala abenduaren 18an. Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren eta euskararen lurralde osoan eragitea du helburu eta horrekin bat egiten du leku aldaketak. Gogoratzekoa da azken lau finalak Barakaldoko BECen ospatu direla.

2017ko azken edizioan, zehazki, 14.000 ikusleren aurrean berreskuratu zuen txapela Maialen Lujanbiok, 2009an Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazten zuen lehen emakukea izan ondoren. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan ere emakumeak gailendu dira azken edizioetan. 2021an ospatutako lehiaketan Nerea Ibarzabalek irabazi zuen Bilbao Arenan ospatu zen finalean, 4.000 ikusleren aurrean. 2018ko edizioan, berriz, Onintza Enbeitak jarri zuen txapela.