Euskal Herriko Atlas Etnografikoa euskarri digitalean kontsultatu daiteke dagoeneko. XX. mendeko bizimodua erakusten duen 40 urte baino gehiagoko lana Jose Miguel de Barandiaranek abiatu zuen eta zortzi liburu tematiko izan zituen emaitza moduan: bertan jasotzen dira elikadura, haur-jolasak, nekazaritza zein herri medikuntza bezalako gaiak.

Bere sareratzearekin batera, Wikipediak erabiltzen duen antzeko formatuarekin, eskuragarri daude Euskal Herriko bizimodu, ohitura eta sinesmenen inguruan bildutako datu guztiak. Labayru Fundazioak eta Etniker Euskalerria Taldeek Petronorren laguntzarekin digitalizatutako egitasmoa 100 ikertzaile baino gehiagok batez beste 70 herritan egindako inkestetan oinarritzen da. Argitu dutenez, liburukiak gazteleraz daude baina bertsio digitalerako euskarara, ingelesera eta frantsesera itzuli dira hitzaurreak.

"Lanaren oinarria euskaldunon bizimoduaren deskribapena egitea da, bizimodu horretako arlo gutziak kontuan hartuta", azaldu du Igone Etxebarriak, Labayru Fundazioaren zuzendariak. Bere esanetan, 70. hamarkadan gizarteak aldaketa handia bizi zuela eta, bizimoduaren aldaketak jasotzea premiazkoago ikusi zen.

Horrela, Jose Miguel de Barandiaranek abiatu zuen egitasmoa eta lanaren gauzatzea Etniker taldeek osatu zuten, Ander Manterolak eta Gurutze Arregik gidatuta. "100 ikertzailetik gora eta 40 urte baino geihago behar izan dira lan ikaragarri hau aurrera eramateko", gaineratu du Etxebarriak, informazio iturria herrian herriko baliabideak izan direla zehaztu ondoren.

"Informazio hori guztia da lan hau osatzen duena, ondo ordenatuta, katalogatuta eta landuta. Atlasa zortzi liburu dira, entziklopedia antzeko bat da euskal ondareari buruzkoa", azaldu du erredakzio talde batek landutako materialaren inguruan. "Obra ikaragarria da, zorrotz eta zehatz landutakoa. Eguneroko bizimoduko adierazpenak deskribatzeko helburuarekin egindakoa, interpretazioetan sartu gabe. Datuak ematen dira", gaineratu du Etxebarriak Petronorren 50. urteurrenaren harira lankidetza hitzarmen bati esker sareratu den lanaren inguruan.

Bere esanetan, erabilera errazeko webgunea egituratu dute, gai batetik bestera salto egiteko modukoa. "Atlasa gazteleraz idatzita dago baina euskararen ekarpena handia da, euskarazko berba eta esamoldeak jasotzen dira", azaldu du bestetik, obra guztia itzultzea komenigarria izango litzatekeela azpimarratu ondoren.

LORPEN ZIENTIFIKOA

Javier Zubiaur Etniker Euskalerria Taldeen ordezkariak dibulgazio nahia duen lorpen zientifiko bat dela adierazi du. “Emaitza lan metodologia zehatz bat zegoelako izan da posible, gure herrialdeko biztanleriari egindako inkesten bidez, Barandiaranek egindako planteamenduaren arabera”, gaineratu du, kasuaren arabera, 56 eta 85 herri bitartean ikertu direla argitu baino lehen. “Talde bakoitzeko 700 berremaile inguru egon dira. Emaitza zortzi liburukietan inprimatutako 8.000 orrialde baino gehiago izan da, 2.000 grafiko eta argazkiekin batera”, azaldu du, oraindik beste zazpi liburuki gehiago egiteko materiala egongo litzatekeela aitortu ostean.

Euskal Herriak geografia berberean itsasoa eta mendia uztartzen dituen “bizimodu ezberdinak” hartzen dituela adierazi du Emiliano López Atxurrak, Petronorreko presidenteak. “Garrantzitsua da nondik gatozen jakitea, tradizioak ezagutzea aurrera egiteko modu bakarra da, horrek osatu gaituelako”, iritzi du.

Unai Rementeria ahaldun nagusiaren esanetan, proiektu honek balio erantsi bat du: elkarlana bultzatzea. Ildo horretatik, gainera, Labayruren lana goraipatu du, Bizkaiko fundazioa izanik Euskal Herri osora hedatzen den lana bultzatzeagatik. “Ez da bakarrik Euskal Herriko bizimodua, usadioak, ohiturak... biltzen dituela, hori guztia transmisioan jartzen du”, azpimarratu du. “Garrantzitsua da digitalizazioa, transmisio hori egun gazteak diren belaunaldi berriei erakusteko”, bukatu du.