VillaSoundBilbao jaialdia bigarren ediziorako banda bila hasi da, Bilboko Udalak jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, epaimahaiak 12 talde aukeratuko ditu Bilborocken emango diren 4 kontzertutan parte hartzeko. Jaialdi honen helburua "artista gazteen sorkuntzak bultzatu eta sustatzea da, eta musikari buruzko proposamen askotarikoak eta gaurkoak publikoari eskaintzea". Aurreko edizioan bezala, jaialdiak hiru fasetan banatuko ditu:

HASIERAN 12 BANDA HAUTATUKO DITUZTE

Profesionalen epaimahai batek -Iker Bárbara, Lorea Argarate, Bikendi Cadelo, Mª Jose Aranguren eta Jon Hervás osatuta- 12 banda hautatuko ditu, eta talde horiek 2022ko martxo eta apirilean Bilborocken antolatuko diren 4 kontzertuetako batean joko dute.

Parte hartu ahal izateko, bandako kideek edo bakarlariek 16 eta 30 urte bitartean izan behar dute, eta Euskal Autonomia Erkidegokoak edo Nafarroakoak izan behar dute.

4 kontzertuetako bakoitzean, hautatutako 3 talde arituko dira. Kontzertuak, bestalde, doakoak izango dira, eta sarrera librea izango da, lekua bete arte.

Kontzertuetan parte hartu nahi dutenek beren lanak aurkeztu ahalko dituzte 2021eko abenduaren 22tik 2022ko urtarrilaren 31ra bitartean, www.bilbao.eus/bilborock helbidean. 2022ko otsail eta martxo artean jakinaraziko dituzte hautatutako taldeak.

Gaur egungo edozein musika mota aurkeztu ahalko da (rocka, popa, metala, trapa, elektronikoa, folka, kantautore-musika…), eta horien arteko fusioak ere bai. Epaimahaiak aintzat hartuko du taldeetan emakumeak egotea eta euskarazko sorkuntzak egitea.

VSB MENTORING

Bilborocken 4 kontzertu eman ondoren, horietan parte hartu duten 12 taldeetatik 6 talde hautatuko dituzte VSB MENTORING prestakuntza-programa batean parte hartzeko.

Programa hori 2022ko maiatzetik irailera bitartean garatuko da, eta hautatutako talde edo bakarlarien behar nabarmenetara egokituko da, bandak bultzatzeko eta indartzeko laguntza- eta prestakuntza-programa baten bidez.

Prestakuntza profesionalek emango dute, eta hainbat gai jorratuko dituzte. Hala nola: sare sozialetan edukiak ekoiztea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzea eta optimizatzea, jabetza intelektuala edo eskubideak kudeatzea eta sustatzea, kontzertuak, birak eta enpresa sustatzaileekiko harremanak.

VSB TOUR 2022

Prestakuntza- eta laguntza-aldiaren ondoren, parte hartu duten sei taldeetako bat hautatuko dute estatuko 4 hiritan zeharreko bira batean jotzeko, 2022ko azken hiruhilekoan zehar.

Horren xedea da banden proiekzioa bultzatzea, beste leku batzuetako banda gazteekin sinergiak sortzea, eta pertsonen talentua Bilbotik kanpo ere zabaltzea.