Luz de bohemia, Ramon Barearen zuzendaritzapean Pabellón 6ren ekoizpen berria, asteburu honetan iritsiko da Arriaga Antzokira, urteko azken estreinaldi gisa. Zehazki, bi emanaldi eskainiko dira, abenduaren 17an, ostirala, 19: 30etik aurrera, eta 18an, larunbata, 19: 00etan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, abenduaren 22tik aurrera.

Luces de bohemia Ramón María del Valle-Inclánen klasiko handietako bat da. Harekin antzerki-genero berria inauguratu zuen: esperpentoa. Hala ere, oso obra ezaguna eta duela 100 urte baino gehiago argitaratutakoa izan arren, oso gutxitan antzeztu da.

Antzezlanak gizarte esperpentiko, degradatu eta ustela erakusten du, egungoaren antz handiegia duena. Luces de bohemia herrialde desitxuratu, bidegabe eta zapaltzaile batean bizitzeko ezintasunaren parabola tragiko eta grotesko bihurtzen da. Halakoxea da 1920ko Espainia, herri xehearekiko begirunerik gabea.

Antzezleen artean, Alfonso Torregrosa, Ione Irazabal, Ramón Ibarra eta Chema Trujillo aktore ospetsuak ditugu, eta baita Pabellón 6-en Gazte Konpainiako antzezleak ere, hala nola Yeray Vázquez, Unai Elizalde, Sandra Martín Gómez, Nagore Cenizo-Arroyo eta Diana Irazabal. Ramon Barea arduratu da zuzendaritza lanaz. Izan ere, berak badu eta aldez aurreko eskarmentua antzezlan honekin, 2002an Max Estrella-rena egin baitzuen, aktore gisa.

Sinopsia

Max Estrellaren bizitzako azken 24 orduak kontatzen ditu antzezlanak. «Andaluziar hiperbolikoa, oda eta madrigalen poeta» da bera, eta noizbait nolabaiteko ospea izan bazuen ere, une honetan agurea da, zorigaiztokoa eta itsua. Madril ilun, nahasi, marjinal eta zikin batean zehar ibiliko da, Don Latino de Hispalis lagun duela. Garai hartako Madrilgo giro bohemioko zenbait pertsonaia izango ditu solaskide.