Kalakan musika taldea

Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etchegaray: "Gure hamar urteak borobilduta eta oso dotore jantzita utzi ditugu diskoan"

Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek bost kontzertu eskainiko dituzte urriaren 20tik azaroaren 5era elkarrekin grabatu duten disko berria aurkezteko

18.10.2021 | 00:18
Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etchegaray.

Apirilaren amaieran Miramonen lehen entseguak egiten hasi zirela iragarri zenetik, grabazioaren fase guztiak bete dituzte eta dagoeneko prest daude Euskadiko Orkestra eta Kalakan euskal tradizioko hamabi kanta barne hartzen dituen diskoa argitaratu eta ezagutzera emateko. Elkar diskoetxearen zigilupean kaleratuko da urrian bertan eta zuzenean aurkeztuko dute Euskal Herrian barrena bost kontzertutan. Kalakan taldeko Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etchegarayk proiektu honen nondik norakoak azaldu dizkiote egunkari honi.

'KlasikAT' ekimenaren baitan ari zarete lanean Euskadiko Orkestrarekin. Nolako taldea osatzen duzue elkarrekin?

—Duela bizpahiru urte hasi zen proiektu hori. Jamixelek luzatu zion ideia Euskadiko Orkestrari beste proiektu batean eurekin lanean ari ginenean, izan ere, bagenekien beraiek horrelako proiektuak aurretik egin izan zituztela eta guri ere interesgarria iruditzen zitzaigun an-tzeko lan batean murgiltzea. Oso begi onez ikusi zuten eta KlasikAT-en barruan sartu zezaketela esan ziguten. Guk ez genuen nahi orkestra gure laguntzaile sinple bat bakarrik izatea, eta beraz, Jagoba Astiazaran musikariaren laguntza baliatu dugu gure abestiak orkestrarako moldatzeko eta lan borobil bat osa-tzeko. Ez dakit nolako lantaldea osa-tzen dugun, baina ideia izan da gure moduan interpretatzen dugun errepertorio bat janzkera handiago eta potoloago batez janztea, beste leku batera eramatea eta publiko desberdin batengana iristea.

Aipatu duzue Jagoba Astiazaran arduratu dela zuen abesti batzuk orkestrarako moldatzeaz. Nolako emaitza lortu du?

—Oso gustukoa dugu egin duen lana. Bere konposizioa leku egokietan txertatzea lortu du, kantua eta aurretik eginda genuena errespetatuz. Esango genuke emaitza polita dela, diskoa orain aterako da eta harro gaude entzuten dugunaz.

Noiz grabatu duzue diskoa eta nolako esperientzia izan da?

—Diskoa maiatzean eta ekainean grabatu genuen eta guretzat grabaketa egun normalak izan dira orkestrak bere aldetik grabatu zuelako gure aurretik. Gu jarraian etorri ginen gure instrumentu eta ahotsak gehitzera. Batzuetan oso ondo fun-tzionatu du eta bestetan zailagoa izan da ezin genuelako orkestrarekin batera joan, edo ez genuelako berdin funtzionatzen. Esan dezakegu estresagarria izan dela pixka bat, baina garrantzitsuena emaitza dela uste dugu, eta, batez ere, zuzenean izango duen emaitza. Gure proiektua hortik hasi zen eta gogoa dugu orkestrarekin batera diskoa kontzertuetan aurkezteko.

Zergatik erabaki zenuten grabaketak bakoitzak bere aldetik egitea?

—Grabaketa moderno bat egin nahi genuelako. Egin nahi duzunaren araberakoa izaten da hori. Denok batera grabatzen badugu mikrofono asko egongo dira jarrita eta soinu asko nahastuko dira. Adibidez, biolinaren mikrofonoak biolinaz gain, ondokoaren ahotsa eta danborraren soinua ere hartuko du. Gero nahasketaren momentuan zerbait egin nahi badugu, ezinezkoa izango da horiek bakantzea eta txukuntzea. Hori ez gertatzeko, orkestrak bere aldetik grabatu du mikrofono askorekin eta guk gure aldetik.

Esan duzue batzuetan estresagarria ere izan dela grabaketa. Zergatik?

—Talka txiki batzuk izan ditugulako. Adibidez, guk orkestraren grabaketa jaso dugu eta grabaketa hori finkoa da, ezin da aldatu. Pieza ba-tzuetan ez dute klaketarik erabili eta guk erritmikoki ez dugu erreferen-tziarik izan. Horrez gain, zuzendaria ez da gurekin egon estudioan, beraz, pixka bat galduta egon gara momentu batzuetan. Grabatuta zegoena askotan entzun behar izan dugu erritmoa harrapatzeko eta konplikatua izan da metodologia desberdinak ditugulako.

Zuen betiko errepertoriotik kanpora dauden abesti batzuk aukeratu dituzue disko honetarako. Nolako abestiak dira?

KLKN abestia adibidez, Danbotxala izena duen gure pieza batean oinarrituta dago, perkusioa eta txalaparta protagonista dituena. Jagobak zerbait idatzi du gainetik eta sarrerako abesti bat osatu du, bai diskorako eta baita kontzerturako ere. Abesti asko genituen eta aukeraketa bat egin behar izan dugu. Kontzertuen eta diskoaren koheren-tzia mantentzen saiatu gara, ezin baita kantu bat ausaz aukeratu.

Zaila izan al da aukeraketarako denak ados jartzea?

—Ez da zaila izan ez dugulako denbora asko pasa erabakitzen. Batzuetan zenbat eta gutxiago pasa horretan, orduan eta errazagoa izaten da. Demokrazia gauza batzuetarako oso polita da, baina batzuetan diktadura pixka bat ere beharrezkoa da aurrera egiteko. Bereziki, hautaketa momentuetan. Bakoitzak bere gustuak ditu eta hautaketa horren arabera egiten da. Talde asko disko baten nahasketaren momentuan banatu dira guztiek parte hartu nahi zutelako eta hor talkak sortzen dira. Gure kasuan, diskoaren zerrenda Jagobak egin du eta kontzertuena nik, eta ados egon gara bakoitzak nahi duena aukeratu duenean.

Zuenak ez diren abesti herrikoi batzuk ere badituzue Kalakanen errepertorioan. Zergatik erabaki zenuten hori?

—Azken finean, maitasun kontu bat da. Beti saiatzen gara maitasun ukitu hori ematen gure hautaketari, izan ere, osagai hori baldin baduzu badakizu aukeratzen zuzena eta egokia izango zarela. Gauzak bihotzarekin egiten direnean nabaritu egiten da.

Aurretik ere aritu izan zarete lanean Euskadiko Orkestrarekin. Juanjo Menaren zuzendaritzapean, Gabriel Erkorekaren 'Zuhaitz' obra estreinatu zenuten. Nolako harrera izan zuen?

—Pieza hori Madrilen estreinatu genuen 2016an eta oso harrera ona izan zuen bertan. Bi kontzertu eskaini genituen, jendeak zutik bukatu zuen eta kritika oso onak jaso genituen. Baina hemen, Euskal Herrian, oso konfidentziala izan zen eta komunikabideetan ez zen horri buruzko ezer atera. Garai horretan nahiko triste egon ginen eta ez genuen ulertu zergaitik ez zuten ezer aipatu, izan ere, euskal kulturaren-tzat garrantzitsua zela uste baikenuen. Gero, ordea, Euskadiko Orkestrarekin hemen aurkeztu genuenean, harrera ona izan zuen eta kritika onak izan genituen berriz ere.

Gabriel Erkorekak Espainiako Musika Saria jaso berri du. Agian zuek parte hartu duzuen 'Zuhaitz' obrak ere lagunduko zuen horretan.

—Bere merituagatik irabazi duela uste dugu. Horrelako sari bat ez da obra bakar batengatik jasotzen, bere ibilbidean zehar egin duen lana kontuan hartuta baizik. Esan dezakegu berari esker izan dugula aukera horrelako proiektu berri batean murgiltzeko. Gauza asko ikasi ditugu Erkorekari esker eta pertsonalki eta profesionalki hazi egin gara. Oso eskuzabala izan da gurekin eta errespetu handiz tratatu gaitu.

Urrian eta azaroan bost kontzertu eskainiko dituzue Euskal Herriko hainbat hiriburutan. Zergatik animatu behar da jendea kontzertu horiek ikustera?

—Euskal kultura eta musika ederra maite duten pertsonek momentu goxo bat pasako dutelako. Kantu herrikoi horiek oso politak dira, Jagobaren lana oso interesgarria eta fina izan da, Euskadiko Orkestraren maila ezagutzen dugu, eta musika ederra izango da. Abesti zahar horiek horrela jantzita entzuteak ere badu bere garrantzia. Guk adibidez, plazer handiz entzuten dugu diskoa eta ez da guk egin dugulako.

Non eskuratu daitezke sarrerak?

—Euskadiko Orkestraren webgunean (euskadikoorkestra.eus), gure webgunean (kalakan.eus), eta aretoen webgune eta leihatiletan.

Diskoak ibilbide luzea izango duela uste al duzue?

—Hori espero dugu. Gure urtebete-tzeko oparia da nolabait, izan ere, gure hamar urteak borobilduta eta oso dotore jantzita utzi ditugu disko honetan.

kontzertuak

Iruñea. Urriaren 20an, Baluarte Auditoriumean, 19.30ean.

Gasteiz. Urriaren 21ean, Principal Antzokian, 19.30ean.

Bilbo. Urriaren 22an, Arriaga An-tzokian, 19.30ean.

Donibane Lohizune. Urriaren 23an, Jai Alaien, 20.00etan.

Donostia. Azaroaren 5ean, Kursaal Auditoriumean, 19.30ean.

Sarrerak salgai. Euskadiko Orkestraren webgunean, Kalakanen webgunean eta aretoen webgune eta leihatiletan eskuratu daitezke. Prezioa: 10 eta 26 euro bitartean.

"Jagoba Astiazaran musikagileak bere konposizioa leku egokietan txertatzea lortu du, kantua eta gure lana errespetatuz"

"Abestien aukeraketan kontzertuen eta diskoaren koherentzia mantentzen saiatu gara, ezin baita kantu bat ausaz aukeratu"

"Euskadiko Orkestrak grabatu zuena askotan entzun behar izan dugu erritmoa harrapatzeko eta konplikatua izan da"


noticias de deia