Bueltan da Bilboko Udal Txistulari Banda. Asteazken honetan, urriak 6, 'Haize-boladak' izeneko kontzertu berezi bat eskainiko dute Bilboko Elkarte Filarmonikoan, EuXhari hari laukotearekin batera.

'Haize-boladak' izenburupean, Garikoitz Mendizabal (lehen txistua eta zuzendaria), Idoia Kareaga (bigarren txistua), Gorka Zabaleta (silbotea), Sabin Bikandi (silbotea) eta Asier Garciak (atabal-perkusioa) osatzen duten txistulari boskoteak eta Giulia Brinckmeier (Concertinoa), Laura Delgado (Bibolin bakarlaria), Adriana Grigoras (Biola) eta Teresa Valente (Txelo bakarlaria) BOSeko lau emakumeek osatzen duten EuXhari Laukoteak, ibilbide musikal zabala eta sendoa duten euskal konpositore gazteen zazpi lan joko dituzte, hala nola, Ruper Lekue, Javier Ituarte, Xabier Zabala, Álvaro García, Jagoba Astiazaran eta Javier Martínez Camposen obrak. Errepertorioak askotariko musika estiloak ditu, eta askotariko erreferentziak, hala nola melodia tradizionala, habanerak, sehaska kantak eta jazza. Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta doakoa izango da, baina edukiera kontrolatuko da, osasun neurriak bermatzeko.

Bestalde, asteartean bertan, Txistulari Banda, Xabier Zabala musikariarekin eta Oinkari Dantza Taldeko dantzariekin batera, EITBk Bilboko Guggenheim Museoaren laguntzarekin antolatutako beste kontzertu baten protagonista izango da. Emanaldia Museoko atrioan izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Bertaratzen den publikoak, txistuaren eta akordeoiaren arteko sinbiosiaz gozatzeko aukera izango du, musikari handiek interpretatutako piezekin. Kulturan txistuak duen garrantziari buruz hausnartzea eta musika-tresna gisa duen aberastasuna goratzea izango da kontzertu honen helburua. Ikuskizuna EITBk grabatu eta emango du.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Udal Txistulari Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.

EUXHARI LAUKOTEA

Alberto Urretxoren (BOSeko troboi-jotzaile bakarlaria) “Soinuaren bidaia” proiektu berria dela-eta sortutako hari laukotea da. Egun, honako hauek eratzen dute EuXhari: Giulia Brinckmeier (Concertinoa), Laura Delgado (Bibolin bakarlaria), Adriana Grigoras (Biola) eta Teresa Valente (Txelo bakarlaria). Zenbait proiektutan batera parte hartu izanak eta laukoteko kideen arteko elkar aditze onak, berekin dakar soinua sukartsu eta kontrasteetan erakargarri sentiaraztea.