Shakespeare-en tragedia historikoei buruzko ikuskizunak helduko dira Arriagara darorren otsailean. Berri honekin iragarri du Arriaga Antzokiak martxora arteko denboraldi berriaren programazioa. Arduradunek jakinarazi dutenez, sarrerak irailaren 30an, ostegunean, jarriko dira salgai.

Bilboko alkateak eta Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean, 2021-2022 denboraldiaren eduki nagusien berri emateko; zehazki, azarotik aurrera (dagoeneko badakigu urrira arte zein ikuskizun egongo diren), eta datorren urteko martxora arte eskainiko diren ikuskizunen berri emateko. Aurrerago jakinaraziko da denboraldiko azken hiruhilekoan, 2022ko apiriletik ekainera, zer ikuskizun egongo diren.

Juan Mari Aburtok azpimarratu duenez, Arriaga Antzokia "bizirik dagoen antzokia da, dinamikoa, sortzailea, plurala, modernoa eta zorrotza… tokiko eta nazioarteko izaera duena". Ildo horretan, zera azpimarratu du: "harrobiaren aldeko apustua egitea, eta tokiko eszena eta euskara bultzatzea Calixtok eta biok dugun konpromisoa da. Gauza jakina da Bilboko, Bizkaiko eta Euskadi osoko artista eta sortzaileekin konplizitatea

dagoela, eta Udaletik lanean jarraituko dugu bertako talentua babestu eta mantentzeko, ehun kulturala indartzeko eta made in Bilbao sormena mundura esportatzeko. Arriaga Antzokiaren zeregina funtsezkoa da, eta gogoan dugu gure nahia: antzokia estatuko eta nazioarteko sorkuntza artistikorako gune handienen artean kokatzea".

Calixto Bieito, bestalde, "harro" agertu da "Arriaga Antzokia bezalako proiektu baten buru izateagatik, batez ere bizi dugun garai historiko honetan, zeinetan Kultura, sormena eta artistikoki adierazteko beharra guztiz oinarrizkoak diren". Bieito nazioartean ospe handia duen eszena-zuzendaria da, eta hainbat errealitate kultural eta linguistikorekin lan egin du bere ibilbidean zehar. Horrek Bilbon oso errotua dagoen artearen ikuspegia ematen dio eta, aldi berean, Europako panoraman gertatzen denaren ikuspegi globala. Bere ustez, "pixkanaka erritmoa berreskuratzen ari garela dirudien honetan, Arriaga Antzokiari bultzada artistiko bat emateko unea da, bertako artistekin proiektuetan sakontzen jarraitzeko, euskara bultzatzeko eta beste leku batzuetara eramateko, zergatik ez? Hegaldia hasi besterik ez da egin, eta programazio berri hau eta, bereziki, garatzen ari garen ekoizpen propioko ikuskizunak norabide horretan doaz".