Literaturaren eta ahozkotasunaren artean ematen diren sinbiosiak aztertzen dituen Hi(zki)bridoak. Literatura mutanteak programaren bigarren edizioa ospatuko da udazken honetan. Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ekimenak doako bost ekitaldi izango ditu.

Aurtengo protagonistak Ibon RG eta Anari musikariak, Mirande musika-egitasmoa, Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria, Danele Sarriugarte idazlea eta Onintza Enbeita eta Miren Artetxe bertsolariak izango dira, besteak beste. Gainera, berrikuntza bezala, Hi(zki)bridoak laguntza eskainiko da euskarazko kultur emanaldi berriak sortzeko bultzada moduan.

"Sortzaileok bertsoak, musika, literatura eta artea hibridatuko dituen egitarauan parte hartuko dute", azaldu du gaur Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, egitasmoa aurkezteko ospatutako prentsaurrekoan. Bere esanetan, "literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak, aldaketak, egokitzapenak ezinbestekoak dira gizarte moduan aurrera egiteko, baita kulturan eta hizkuntzan aurrera egiteko". Izan ere, argitu duenez, hizkuntzaren aberastasunak mutante eta aldakor izatetik asko dauka.

UDAZKENEAN ZEHAR

Zikloaren bigarren edizioa irailaren 23an abiatuko da oMorruMU baMat. Horretan, Joxean Artzeri omenaldia egiteko asmoz, 2018ko udazkenean IbonRG eta Enrike Hurtado ohiko dituzten lanabesekin lanean hasi ziren. Ibonek Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta sortutako kantuak Enrikek berak sortutako software esperimentalekin uztartu zituzten, txalaparta interaktiboa eta soinua eraldatzeko programak erabiliz.

Hurrengo saioa urriaren 7an izango da. Uxue Alberdiren azken lan literarioan, Dendaostekoak. Idazle gipuzkoarrak jarriko dizkie gaiak Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, Aitor Nova saxofonistaren doinuekin lagunduta. Ikuskizuna Elgoibarren eskaini zen estreinakoz.

Urriaren 29an, berriz, Jon Miranderen olerkietatik abiatutako musika-egitasmoa ospatuko da. Elena Setien (ahotsa eta teklatuak), Xabier Erkizia (elektronika) eta Grande Days taldeak parte hartuko dute Emaitza Frankenstein bat da izena daraman ikuskizunean.

Azaroaren 11n Zientzia Fikziozko Bertso Saioa ospatuko da Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria bertsolariak arituko dira Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo gidoilari lanetan ibiliko diren bitartean.

Zikloa abenduaren 17an bukatuko da Anariren Habiak kolektiboarekin. Seinalatutako datan Anarik disko horretako zenbait kantu joko ditu. Azken ikuskizun hau lehen ediziorako zegoen programatuta baina atzeratu egin behar izan zen.

ESERLEKU GEHIAGO

Izan ere, Bilbaok gogoratu duen bezala, zikloa iaz ospatu zen lehen aldiz, pandemiatik eratorritako zailtasun guztiekin. “Aforoak murriztuta eta datak aldatuta, neurri guztiak beteta, lortu zen aurrera eramatea zelan edo halan. Streaming bidez errefortzu bat eman genion”, gogorarazi du diputatuak. Hartara, egoera konplikatu horretan egitasmoak arrakasta izatea lortu ondoren beste edizio bati ekitea pentsatu zuten, proiektua sendotzeko asmoz.

Azkue Fundazioko zuzendaria den Jurdana Acasusok azaldu duenez, ekitaldiak doakoak izango dira eta gobidapenak emanaldi bakoitza ospatu baino 10 egun lehenago egongo dira eskuragarri. “Zorionez pandemiaren egoerak aurrez aurreko eserleku gehiago egotea ahalbidetuko du”, gaineratu du, dena dela streaming-aren aldeko apustua egiten jarraituko dutela azaldu baino lehen.

SORKUNTZARAKO LAGUNTZA

Berrikuntzen artean euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako eskainiko den 3.000 euroko laguntza aipatu du Lorea Bilbaok. Sari moduan bideratuko den laguntzaren asmoa ekimena aurrera ateratzea izango da. “Dena ondo joango balitz, proiektua egonkortuta balego, datorren urtean estreinatuko litzateke Hi(zki)bridoak programaren hurrengo edizioan”, gaineratu du diputatuak.

Bost kidek osatuko dute laguntza honetako epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Acasusok berak. Sortzaileek azaroaren 22ra arte izango dute aukera euren proposamenak helarazteko. “Berritzailea izan beharko da eta eskainiko den espaziora egokitu beharko da, formatu txikikoa”, zehaztu du Azkue Fundazioaren zuzendariak.