Ostegun honetan, uztailak 15, Ertibil Bizkaia 2021 ekimenaren aurkezpena egin da Rekalde Aretoan. Bertan izan da Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbao, edizio honetan parte hartuko duten 18 artistekin batera.

Ertibil Bizkaia ikusmen-arteen erakusketa ibiltariak, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatua, Bilboko Rekalde Aretoan hasi du bere ibilbidea eta gero Sestao, Elorrio eta Balmasedatik igaroko da, 2022ko urtarrilaren 7an Barakaldoko erakusketen udal-aretoan amaitzeko.

Ertibil Bizkaia 2021 edizioan honako hauek saritu dira: Iñigo Varona Sánchez, Nora Aurrekoetxea eta Natalia Suárez Ortiz de Zárate. Aurtengo taldea beste hamabost artistak osatzen dute: Andrea Aguilera & Jaime Gutiérrez - Maider Aldasoro Diaz - Miren Barrena Rebe - Detrito - Mar de Dios - Garazi Etxebarria Azurmendi - Roberto Freire - Tana Garrido - Maider Gonzalo Salceda - Nora Goyalde - Izaro Ieregi González - Dogartzi Magunagoicoechea - Oihane Sánchez Duro -Amaya Suberviola - Imagen 34 María del Mar Torre.

1983an lehenengo edizioa egin zenetik, Ertibilek beren sorkuntza-lana Bizkaian garatzen duten eta gorabidean dauden artistak babestu eta bultzatu nahi ditu.

39. edizio honetan, teknika eta espezialitate guztietako 138 sortzailek hartu dute parte 192 lanekin, eta horien artean erakusketa hau osatzen duten hemezortzi obra aukeratu dira.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak azaldu duen bezala: "ERTIBILen inguruan hitz egitea Bizkaiaren gaitasunaren inguruan eta Artearen inguruan hitz egitea da. Ikusmen-arteen esparruan eskarmentu handiko proiektu bat delako, gazte sortzaileen espektro artistikoaren alderdirik berritzaile eta sortzaileena barne hartzen baitu. Ikusmen-arteen erakusketa ibiltaria 39. ediziora iritsi da, gaur egungo sorkuntzari ematen zaion bultzadaren tenperatura neurtzeko aukera eskaintzen duen proiektu finkatu gisa.

Aurten, Ertibil Bizkaia ez da covid-19ak eragindako egoeratik kanpo egon eta horregatik atzeratu dira 2022ra Japonian egin ohi diren egonaldi artistikoak (lehiaketako irabazleen saria).

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Helena Goñi, Ertibil Bizkaia 2020 edizioko artista irabazlea; Miriam Alzuri, Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzailea; eta Jaime Cuenca eta Peio Aguirre, arte-kritikariak. Peio Aguirre, gainera, erakusketaren harira editatu den liburuko testuen autorea da.

Edizio honetan, Rekalde Aretoak lankidetzan jarraitu du Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduko ikasleekin. Gestión de patrimonio, exposición y registro / Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Gradua. Ondare kudeaketa, erakusketa eta erregistroa. Gainera, horietako hiruk, Ana Amador, Miren Oteros eta Iker Suinagak, lehenengo aldiz hartu dute parte aktiboki Ertibil Bizkaia 2021 edizioaren garapen osoan eta erakusketaren seinaleztapenean eta hedapenean ikus daitezkeen ideia berriak ekarri dituzte.

ERBITIL BIZKAIA 2021 IBILBIDEA

Bilboko Rekalde Aretoan hasiko da uztailaren 15ean eta bertan mantenduko da urriaren 12ra arte. Gero, Sestaoko Erakusketen Aretoan jarriko da ikusgai urriaren 13tik azaroaren 4ra bitartean, eta gero Elorrioko Iturri Kultur Etxean azaroaren 5etik 19ra bitartean. Hurrengo geltokia Balmasedako Horkasitas Jauregia izango da, bertan, erakusketa azaroaren 20tik abenduaren 13ra bitartean egongo da ikusgai. Azkenik, Ertibil Bizkaia 2021 Barakaldoko Erakusketen Udal Aretora iritsiko da abenduaren 14an, eta bertan izango da 2022ko urtarrilaren 7ra arte.