Itsasmuseum museoak Jesús Lizaso artistaren 'Ozeanoaren erroak' izeneko obra jasoko du. Obrak sei metroko altuera dauka, eta Corten altzairuz eginda dago. Gaur goizean, uztailak 6, obraren inaugurazioa ospatu eign da. Bertan izan da Bilboko alkate Juan Mari Aburto.

Lana Euskaldunako dikeen alboan egongo da ikusgai, haren barruko ontzi historikoen, ponpa-etxearen eta Carola garabi ikonikoaren aldamenean, Itsasmuseumeko bildumaren beste pieza nabarmen batzuen artean; hala, goi-mailako ondare-multzo baten parte izango da, Bilboko itsasadarraren ondoko pribilegiozko leku batean.

Ozeanoaren erroak eskultura monumental ikusgarria da, Jesús Lizasok (Barakaldo, 1961) 2010ean egindakoa, Corten altzairuz. Sei metroko altuera eta bi metroko oinarria du, eta jarrera hieratikoa duten bi figura antropomorfiko irudikatzen ditu, arraun bati eusten dioten bi marineli dagozkienak.

Herritarrek oso ondo baloratzen duten eta beren aisialdian asko erabiltzen duten Bilboko gune publiko batean erakusteak ekarpena egiten du Bilboko Udalak eta Itsasmuseumek duten helburu komuna lortze aldera: artea ahalik eta jende gehienarengana hurbiltzea.

Jesús Lizaso errekonozimendua lortu duen artista garaikidea da. Begirada berezia eta berezko lengoaia ditu, eta gaur egungo euskal artearen erreferente nagusietakotzat jotzen da. Hainbat hiritan eragin ditu erakusketak: Bilbo, Madril, Chicago, Tokio, Toledo, Estoril, Lisboa eta Florentzia, besteak beste. 2000. urtean formatu handiko eskultura-lehiaketa bat irabazi zuen Basaurin, eta ordudanik hark sortutako lan publiko ugari instalatu dira han-hemenka. Eskultura monumentalaren bidetik, egileak aukera izan du esperimentatzeko eta ikertzeko. Joera hori etengabea izan da haren ibilbide artistikoan zehar, bai dimentsioei bai altzairuaren galdaketa modularrari dagokienez.

Lizasoren ekoizpen artistikoak errekonozimendu zabala lortu du. Ildo horretan, azpimarratzekoa da, beste aitorpen batzuen artean, 2011n Florentziako Biurtekoan, Italian, eman zioten Urrezko Domina, bai nazioartean lortutako sona bai bere ibilbide osoa saritzeko. Sortzaile gisa erdietsitako heldutasuna etapa ez hain kontzeptual batekin batera iritsi da, eta materiaren plastikotasunari arreta emateko artistak agertutako borondatea izan da etapa horren ezaugarri nagusia.

Euskadik eskultore handiak eman dizkigu, Eskulturaren Euskal Eskola izenez ezagutzen den nortasun nabarmenekoak. Lizaso bera ez ezik, eskola horretakoak dira Basterretxea, Chillida, Ibarrola, Mendiburu, Oteiza, Ugarte eta beste egile garaikide batzuk. Goi-mailako artista horien eta beste batzuen lan miresgarriari esker, euskal kulturaren balioa eta berezitasuna munduratu egin dira, eta leku garrantzitsua hartu dute nazioarteko mapa artistikoan.

Ozeanoaren erroak modu iraunkorrean egongo da ikusgai Itsasmuseumeko zabalgunean, herritar guztiek hartaz goza dezaten.