Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Literatur Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea atzo goizean burutu zen, Arriaga Antzokian. Irakurleek maskaraz jantzita eta formatu laburrago batean, XIV. edizio hau berezia izan zen, aurrekoa izan zen bezala. Goizeko 08:00etatik eguerdiko 14:00ra, 200 bat lagun txandakatu ziren euskaraz argitaratutako lehen liburua irakurtzen, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545), hain zuzen ere.

Obra honen hautaketaren arrazoia sinbolikoa izan da: pandemiaren egoeratik berrindartuta atera eta garai berri bati hasiera eman. Era berean, bi ezaugarri abarmendu nahi izan dira: batetik, lehen liburua izatearen garrantzia, eta bestetik, poesia herrikoiaren eredu izatearena. Izan ere, Etxeparek idatzi zuen poesia ez da poesia kultua, baizik eta herrikoia. Poesia bat, kantatua izatekoa, bertsolaritzatik eta koplagin-tzatik hurbil dagoena.

Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak Etxepareren obraren moldaketa bat egin du, haren testua euskara batuan jarriz. Eta Amuriza izan zen atzoko ekitaldia zabaldu zuena, Linguae Vasconum Primitiaeren lehenengo lerroak irakurriz. Ondoren, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Maite Salutregi Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkaria, Koldo Narbaiza Bilboko Euskara eta Hezkun-tzako zinegotzia eta Andres Urrutia Euskaltzainburua aritu ziren.

Goizean zehar, gizartearen arlo guztiko jendea txandakatu zen pasajeak irakurtzen edota kanta-tzen, besteak beste, Itziar Laka hizkuntzalaria, Katixa Agirre, Juanra Madariaga eta Lutxo Egia idazleak, Natxo de Felipe kantaria, Lara Izagirre zine zuzendaria, Patxo Telleria, Asier Hormaza, Irati Agirreazkuenaga eta Mikel Martínez aktoreak, Xabier Madariaga, Amaia Ereñaga, Itsaso Gueñes, Agus Perez eta Jabi Onandia kazetariak eta abar luze bat. Erakundeen aldetik, ordezkaritza handia izan zen: Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Eva Ferreira EHUko errektorea, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatua eta zinegotzi, zuzendari eta diputatu ugari. Euskaltzaindia, Ikastolen Elkartea, Garraio Patzuergoa, AEK, HABE, Metro Bilbao, Laboral Kutxa, Labayru institutoa, Azkue Fundazioa, APNABI, hainbat ikastola, ikastetxe, euskaltegi eta instituto, sindikatu, komunikabide (DEIA barne) eta beste erakunde askoren ordezkariak izan ziren baita ere Arriagan irakur-tzen, hainbat ikasle, irakasle, euskaltzale, tabernari, erretiratu eta mota guztietako lagunekin batera.