Haurrei zuzendutako 'Sardinerak' liburu ilustratua kaleratu du Aldundiak

Gotzone Butron idazleak eta Kike Infame ilustratzaileak jorratu dute Bizkaiko pertsonaia herrikoiei buruzko 'Ipuinak' saileko bosgarren lana

26.05.2021 | 18:52
Sardinerak Bizkaiko pertsonaia herrikoiei buruzko Ipuinak saileko bosgarren liburua da

Txikitatik bereganatu du Joxepak lan gogorraren balioa sardinera baten alaba den heinean. Baina aitonak kontatu zizkion istorioen ondorioz, bere senari jarraituz, portuan baino ur azpian irudikatzen ditu bere adats luzea eta baita bere etorkizuna ere. Premisa horrekin abiatzen da Sardinerak, Bizkaiko pertsonaia herrikoiei buruzko Ipuinak saileko bosgarren liburua. Gotzone Butron idazleak eta Kike Infame ilustratzaileak jorratu dute Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen duen ipuin hirueledunen bildumaren honako alea. "Zure zain gagoz, neskatxa!", diotso Joxepari haizeak, itsasoak dakarren doinuaren bidez. Gonbidapen berbera egin die Aldundiak gaur irakurle potentzial guztiei.

Idazleak berak onartu duenez gaur burututako aurkezpenean, sardineren pertsonaia oso errotuta dago Euskal Herrian. Horregatik, erronka bat izan da haiei buruz idaztea. Bere esanetan, ipuinak sardinera baten alabaren istorioa kontatzen du. "Asko gustatzen zaio sardinerekin portuan biltzea, eta, batzuetan, bere amari laguntzen dio. Baina halako batean, itsasoa barrutik ezagutzeko desioa sortzen zaio", azaldu du. Idazlearen aburuz, Kike Infameren marrazkiekin istorioak "beste dimentsio bat hartu du", bi munduren arteko uztarketa ahalbidetuz: itsasoa eta portua.

Gotzone Butronen esanetan, liburua sardinerei eskainitako omenaldi txiki bat da. Eta bi arrazoi eman ditu horrela justifikatzeko. Batetik, oso modu "hunkigarrian" idatzi du, izan ere, bere bi amamak baserritarrak izan ziren. Haiek ere Bilboko Erribera merkatura eta Erandioko merkatura joaten ziren bere barazkiak eta fruituak saltzera. Euretako bati zor dio, gainera, Joxepa pertsonaia nagusiaren izena. "Bestetik, sardinerek gizarteak edo patriarkatuak emakumeengandik espero duten kontrakoa irudikatzen dute: emakume hauek pertsona sendo eta indartsuaren estereotipoa irudikatu dute", adierazi du prentsaurrekoan.

MARGOLANEN ERREFERENTZIA

Kike Infamek aitortu duenez, inbidiaz begiratzen zituen bildumako beste liburu guztiak, pentsatuz: "nik ere horrelako zerbait egiteko aukera izango al dut?". Izan ere, adierazitakoaren arabera, zenbaki bakoitza oso modu berezian zaindu da, eta, irakurle bezala asko gustatzen zitzaizkion. Sortutako espektatibak alde batera utziz, Gotzone Butronen testuak bi alderdi oso bereiztuak zituela azaldu du. "Alde batetik, dokumentazio lan handia zegoen. Eta, bestetik, elezahar istorio bat zegoen. Santurtzik merezi duena eta Gotzonek oparitu diona", iritzi du.

Ilustratzaile bilbotarrak agertu duenez, sardinerak irudikatzerako orduan, artean, historikoki, nola islatu diren hartu du erreferentzia bezala: Ignacio Zuloaga, eta, bereziki, Aurelio Artetaren margolanen eragina nabaria da. "Pertsonaia monolitikoen sentsazioa islatzen dute, hormigoizkoak balira bezala: indartsuak izanik bizitzaren erasoak jasateko prest daudelako", azpimarratu du. Horregatik, bere irudietan bi marrazki mota ezberdindu daitezke. Batetik, sardineren gorputzak esandakoa irudikatzen du, lan gogorrari ohituta zeunden emakumeak zirelako. "Eta, bestetik, istorio horretan bere lekua hartzen doan pertsonaia neukan: Joxepa. Bihotza lapurtzen duen pertsonaia horietako bat, itsasoko olatuekin fusionatzen den ilea duena", zehaztu du naif tankerako marrazkien bidez ilustratu duen pertsonaiari buruz.

ONDARE IMMATERIALA

Sardinerak liburuak bat egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak azken urte hauetan urtero argitaratu dituen beste lau album ilustratuekin. Lehenengoa 2017an argitaratu zen, Gargantua txapeldun tituluarekin, Mikel Gil Sojok idatzi eta Andrea Alonso Vargasek ilustratuta. Ondoren Marijaia etorri zen, Idoia Barrondo idazlearena eta Nuria Hache ilustratzailearena. Ipuinak sailaren hirugarren liburua Gigantes/Erraldoiak/Giants izan zen eta Begoña Elorrietak eta Alex Orbek egin zuten. Iaz Andoni Abenójarrek idatzitako eta Eider Eibarrek ilustratutako istorioaren protagonista Eskarabillera izan zen.

Begoña de Ibarrak, Kultura zuzendariak, ondare immateriala hurbiltzen duen bilduma helburu argi batekin abiatu zela argitu du: "Bizkaiko pertsonaia herrikoi, tradizional eta folklorikoak Bizkaiko publikoari eta lurraldea bisitatzen duten pertsonei hurbiltzea". Horrela, bere esanetan, azken lanak bidea erakusten du itsasoko kulturaren barruan sardinerek zuten balioa ulertzeko. Azaldu duenez, liburu honek sardina saltzaileak modu erakargarri eta deigarrian erakusteaz gain, egiten zuten sakrifizio guztia erakusten du. Gainera, bilduma hiru hizkuntzatan –euskara, gaztelera eta ingelesa– argitaratu dela azaldu du, "aberastasun berezia" eskainiz. Zortzi euroko kostuarekin, eskuragarri dago dagoeneko Euskal Museoan eta Foru Liburutegain; baita Aldundiaren webgunean.

noticias de deia