BILBO. La Encartada Fabrika Museoko makinak berreskuratzea eta martxan jartzea helburu duen programa abiarazi berri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Zaila bada ere, etorkizunean jantziren bat ekoiztea du xede programak.

Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak hau azaldu du: "Museoak etengabe lan egiten du 'museo biziaren' ideian. Berreskuratze prozesuan zehar egingo diren aurrerapenak ikusten joateko aukera izango dogu aldian-aldian. Dakizuenez Europa osoan bakarra dan azpiegitura baten aurrean gagoz. Ez dago Europa osoan hain zaharra den jatorrizko makinaria osoa, guztia sasoi berekoa, hasieratik ezarritako leku edo fabrika berean, eta gainera bisitatzeko aukera emoten dauan azpiegitura. Eta hori guztia erakustea gitxi balitz, orain beste pausu bat emotera goaz: makinak martxan ikusteko aukerea egia bihurtu.´ Loreak gaineratu du ` berreskuratze lan hori, ez da edonola egin, eta behar bada horretan datza interesik handiena, berreskuratze prozedura osoa, fabrika martxan egoaneko tresna, eta moduak erabiliz egiten ari da. Fabrikak berak daukan tailer mekanikoa bera erabilita. Hori da esanguratsuena zer egiten ari garen eta zelan ari gara egiten. BFArentzat funtsezkoa da gaurkoa moduko lanak bideratzea, bultzatzea, gidatzea, gizarteratzea gure ondarea balioan jarri ahal izateko.´

Makinak berreskuratzeko eta prest jartzeko prozesua fabrika martxan egon zen bitartean erabilitako konponketa-teknikekin egiten ari da, eta horrek balio handiagoa ematen dio prozesu horri guztiari. Horrela, duela gutxi, makinaren ardatz nagusia dagoen kojinetea itzuli da.

Astelehenean goizean, seriean konektatutako bost makina erakutsi dituzte, bata bestearen atzetik eta kargan, azken batean, La Encartadako makineriaren zati bat lanean: batan txikia (mazoa), jantzi txikiekin egindako batanak, zentrifugagailua, dinamo Edison eta'Deabrua'izenez ezagutzen den makina. Hau da ekoizpen-prozesuko lehen makina, garbitutako artilezko ilea xehatu eta txikitzeaz arduratzen dena, eta Europan jardunean egon daitekeen antzinatasun horretako (1892) bakarra.

"BIZIA HARTZEA " BESTERIK FALTA EZ ZAION ALE BITXI ETA APARTA

1892ko fabrika zaharra, ekoizpen singladura luze baten ondoren, 1992ra arte jarduneko negozio bezala iritsi zen. Fabrika honek duen bilduma teknologikoak funtsezko hiru ezaugarri ditu: bilduma osatzen duten piezen antzinatasuna eta sinkronia; irudikatutako ekoizpen-prozesuaren osotasuna eta kontserbazio-egoera bikaina.

Hiru faktore horiek erakusten dute Bizkaiak industria-iraultzaren lehen etapetako faktoria baten ehungintza-adibiderik onena eta osoena duela. Museo bihurtzeko egindako ahaleginak bere balioa areagotu du: Bizkaian bakarrik bisita daiteke ehun urteko fabrika bat, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitartean enpresa eratu zeneko hornidura teknologiko oso bera gordeko duena, leku berean eta egoera onean.

BISITAK MAKINERIAREN BERRESKURATZE PROZESUA EZAGUTZEKO: "ETORRI, IKUSI ETA AZALDUKO DIZUGU"

Museoak publiko guztiari ezagutarazi eta haiekin partekatu nahi du erronka berri hau. Horretarako, "etorri, ikusi eta azalduko dizugu" ekimena proposatzen du.

Bisitariek zaharberritzailearen lana zuzenean ezagutu eta ikusi ahal izango dute eta hori museoak eskaintzen duen erakusketa iraunkorraren parte izango da.

Orain, aurreikusitako lanarekin, manufakturaren eta ekoizpen-prozesuaren etapen erakustaldi berri eta konplexuagoei ekitea erabaki da, programazioan aniztasun eta arintasun handiagoz txertatuz.

Programazio berri hau ekainetik aurrera hasiko da eskaintzen, eta museoko ohiko hedabideetan kontsultatu ahal izango da. Ezinbestekoa izango da kasu guztietan aurretik plaza erreserbatzea telefonoz (946800778) edo posta elektronikoz (laencartada@bizkaia.eus)