DONOSTIA. Ikusgai dago jada Euskal Herriko Unibertsitateko bi irakaslek egindako 'Paisaia eskuetan' izeneko erakusketa.

José Javier Cruz Arrillaga eskultore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak eta Mikel Elorza Aguirre EHUko ikasle ohi eta gaur egun Donostiako Santo Tomas Lizeoko Bigarren Hezkuntzako irakasleak naturaren, praktika artistikoen eta hezkuntzaren arteko bidegurutzea islatu dute.

Erakusketak tamaina handiko 9 argazki, gardenkien bidezko hainbat proiekzio eta tinta txinatarrarekin egindako formatu handiko 7 marrazki ditu. Lan horiek guztiak Txillardegi aretoko hormetan banatuta egon dira, Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria Zentroan. Lan guztiek Jaizkibeleko (Gipuzkoa) inguru naturalean egindako esku-hartze txikiak islatzen dituzte, eta emaitza honako hau da: eskala handiko argazkietan ateratako paisaia txikiak.

"Artelanez gain, erakusketaren oinarri den beste ardatzetako bat unibertsitate komunitateari eta, oro har, publikoari bitartekaritza eta hezkuntza emateko sortu den gune pedagogikoa da. Ildo horretan, orain arte 25 bisita gidatu egin ditugu. Bisita horien xedea izan da ikusleek erakusketaz gozatzea, eta, ikasleen kasuan, aretoan ikusgai jarri ditugunen antzeko lanak egiteko erronka jarri diegu. Eta, esan behar dugu, planteatutako erronka oso ondo gainditu dutela. Irudien deskribapen bikainak egiteaz gain, obrak egitean erabilitako prozesu artistikoak, adierazpenezkoak eta kontzeptualak ondo antzeman dituzte. Horrez gain, naturan egin dituzten lanak ere apartak izan dira. Horri guztiari esker, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Santo Tomas Lizeoko ikasleek egindako 150 argazki inguru gehitu dira Txillardegi aretoko erakusketan, Gipuzkoako Campuseko espazio bikain horretan", azaldu dute erakusketaren antolatzaileek.