Ia milioi erdi bisitari

Bizkaia Aretoak 4.000 ekitaldi baino gehiago jaso ditu bere hamar urteetan

29.03.2021 | 11:46
Bizkaia Aretoa, gauez.

BILBO. BBK Fundazioak Euskal Herriko Unibertsitateari eginiko lagapen batetik sortutako Bizkaia Aretoak hamar urte bete ditu. Bada, denbora horretan, eraikinak 4.000 ekitaldi baino gehiago eta ia milioi erdi bisitari jaso ditu.

Bilboko leku enblematikoenetako batean kokatua, Abandoibarran, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean, eta Iberdrola dorrearen itzalean, UPV/EHUren paraninfoak lau auditorio ditu (Mitxelena, 440 lagunentzat; Baroja, 160 lagunentzat; Oteiza, 90 lagunentzat; eta Arriaga, 65 lagunentzat); lau erakusketa gune (Chillida, Axular, Etxepare eta Laboa, 500 metro koadrotik gora guztira); hainbat bilera gela; 400 metro koadroko hall-a; eta Mentxu Gal margolariari eskainitako 1.200 metro koadroko terraza, lorategiarekin, Abandoibarra etorbidera begira.

Bizkaia Aretoan era guztietako ekitaldiak egiten dira: kulturalak, akademikoak, sozialak, zientifikoak, unibertsitate arlokoak eta beste hainbat alorretakoak. Kalitate handiko azpiegitura eta prestazio modernoak ez ezik, arreta eta zerbitzu bikainak eskaintzen ditu. Ez alferrik, ikusle-entzuleak guztiz gogobeterik irteten dira Bizkaia Aretoan antolatzen diren ekitaldietatik, 4,5 puntutik gorakoa izanik beti balorazioa 5 puntuko eskalan.

Hamar urte hauetan, 4.293 ekitaldi egin dira (kongresuak, mintegiak, bilera zientifikoak, ikuskizunak edo erakusketak), eta ia milioi erdi pertsona (481.059) bertaratu dira, aretoak hartu duen garrantziaren erakusgarri. Nabarmentzekoa da ere ekitaldien bilakaera eta asistentzia handituz joan direla paraninfoa sortu zenetik. Hori horrela, azken urteetan, Bizkaian kongresu gehien egiten diren azpiegitura bihurtu da, eta oro har ekitaldiak antolatzen dituen bigarrena.

Nolanahi ere, Bizkaia Aretoak ezin izan dio pandemiari itzuri egin, eta 2020an eta 2021ean nabarmen egin du behera ekitaldien eta bertaratutako pertsonen kopuruak. Dena dela, ez zaio ekitaldiak antolatzeari utzi, pertsonen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurri guztiekin. Alde horretatik, apustu sendoa egin da ekitaldien digitalizazioaren eta eskaintza bimodalaren alde (presentziala eta birtuala).

Etorkizunari begira, Bizkaia Aretoak erreferente izaten jarraitu nahi du ekitaldi akademiko eta sozialen antolakuntzan, eta bere eskaintza eta zerbitzuak indartu nahi ditu UPV/EHUko komunitate akademikoari eta oro har gizarte osoari begira.

Hamar urteko ibilbidean, Euskal Herriko Unibertsitatearen paraninfoa funtsezko elementu bihurtu da EAEn batzarrak antolatzen dituen sarean. Agerian jarri du euskal unibertsitate publikoa Bilbon, eta UPV/EHUren helburu garrantzitsuenetako bat betetzen lagundu du: hots, jakintzaren transferentzia eta zientziaren garapena eta zabalkundea indartzea.

Gorka Moreno Bizkaiko campuseko errektoreordearen hitzetan, "Bizkaia Aretoa azpiegitura estrategikoa bihurtu da UPV/EHUrentzat, erakundearen oinarrizko bi helburu betetzen laguntzen baitu: alde batetik, ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa errazten dituen azpiegitura bat da; bestetik, UPV/EHUren marka irudia kanpora proiektatzen du, bai euskal gizartera bai nazioartera. Alde horretatik, uste dut gure paraninfoak modu nabarmenean lagundu duela Bilbo kongresuen eta ekitaldien sektorearen munduko mapan kokatzen".

Bestetik, hamarkada honetan Bizkaia Aretoa zuzendu duen Héctor Hernandok hizpide izan du azpiegituraren barne eragina: "Existitu ez balitz, unibertsitateen arteko kongresu eta ekitaldi handi asko ez ziratekeen utziko gure erakundearen sailen esku. Eraikina zabaldu zenetik, ia hirukoiztu egin dira Bizkaiko Campuseko fakultate eta eskolek antolatutako batzar eta kongresuak, eta horien %?75-80 gutxi gorabehera azpiegitura berri honetan egiten dira".

noticias de deia