Jon Alonso

Jon Alonso: "Inportantea da gizarteak honelako kasuak ezagutzea, eta ezagutzen dituztenek ez ahaztea"

Duela 40 urte desagertu zen Naparrari buruz idatzi du Jon Alonsok; kasuaren ikerketa sakona egin, dauden hipotesiak azaldu, eta bere iritzia ere eman du liburuan

06.02.2021 | 19:41
Jon Alonso

Komando Autonomo Antikapitalistetako militante eta errefuxiatua zen Joxe Migel Etxeberria Alvarez 'Naparra'. 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, eta, harrezkero, ez da haren berririk izan; ez da gorpurik aurkitu, ez eta desagerketaren egilearen berri jakin. 40 urte beranduago, haren desagerpenaz eta bere familiak urte horietan guztietan egindako bilaketaz idatzi du Jon Alonsok (Iruñea, 1958). Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Mujika Bekaren laguntzaz idatzi du Iruñeako idazleak Naparra, kasu irekia liburua, aurrera begira kasuari buruz ikertu eta idatzi nahi duenarentzat, mugarri bihurtuz.


Zerk bultzatuta hasi zinen 'Naparra, kasu irekia' liburua idazten?

- Oraindik irtenbiderik gabe dagoen kasu bat da, zer gertatu zen jakin gabe dagoena; horregatik, deigarria eta interesgarria iruditu zitzaidan horri buruzko ikerketa bat egitea. Gaur egun, geroz eta gehiago begiratzen dugu atzera, urte horietan gertatu zenaz jabetzeko. Irudi-tzen zait horri buruzko lekukotasun guztiak balekoak eta interesgarriak direla. Idazten dudan aldetik, nolabait esan, nire egitekoa ere badela uste dut.


Txikitan ezagutu zenuen zuk Jose Miguel Etxeberria 'Naparra'. Hura ezagutzeak erraztu edo zaildu egin du kontaketa lantzea?

- Erraztu edo zaildu baino, nik uste dut hurbil egiten duela gaia; norberarena bezalakoa sentitzeko gaia egiten du. Naparraren eta nire arteko harremana hamar urte genituenekoa da, baina nik beti gertu sentitu izan dut gai hori, ez baita inondik ezagutzen ez dudan pertsona bati buruzkoa. Desberdina egiten du.


Zein zen zure helburua liburua idazten hasi aurretik?

- Nik banekien ez nuela kasua argituko, hori ez baita gertatuko egin zuenak esaten duen arte, edo gorpuzkiak agertzen diren arte. Banekien, beraz, hori lortzea ezinezkoa litzatekela. Baina garran-tzitsua iruditzen zitzaidan gizarteak ez ahaztea, gizarteak kontuan hartzea urte hauetan guztietan sufritzen dagoen familia bat dagoela. Izan ere, biktimak bi izan ziren: 'Naparra' bera izan zen desagerketa horren biktima, baina baita bere familia ere, eta iruditzen zait biktimei buruz hitz egiten den horietan, beste horiek ere hor daudela, kontuan hartzekoak direla.


Lau urteko lanaren ostean kaleratu duzu liburua. Urte horietan guztietan, aldatu al da zerbait zugan?

- Liburuaren lanik handiena lehenengo urte eta erdian amaitu nuen, gutxi gorabehera. Gauza da egiteke zeudela Naparraren gorpuzkiak aurkitzeko lehen ahaleginak, eta zain nengoen. Ez zuten ezer aurkitu lehen bilaketa horretan, baina familiak berriz ere beste helegite bat aurkeztu zuen, beste indusketa lan batzuk egin zitzaten beste toki batean. Gauzak horrela, Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak - Horiek baitira Tene Mujika beka antolatzen dutenak- esan zuten egokia litzatekela bigarren indusketa egin arte itxarotea, liburuari beste amaiera bat emateko, gertatzen zena gertatzen zela. Zer gertatu da? Bigarren indusketa hori eskatu zenetik bi urte baino gehiago pasatu direla. Kasua irekia izanik, gainera, gauzak gertatzen dira epaitegietan, Nazio Batuen Erakundean€ Hala, liburuarekin nenbilen bitartean, informazio berria sartzen, zegoena gaurko-tzen, balio ez zuena kentzen€ ibili behar izan naiz. Eta, hala, lau urte igaro dira.


Lau urte horietan, kasuari buruz aldez aurretik pentsatzen nuena ez dut askorik aldatu, baina, aldiz, gero konturatu naiz gehiago familiak Joxe Migel Etxeberriaren gorpuzkiak aurkitzeko egin duen ahalegin handiaz.

Esango zenuke liburu honek 'Naparra'-ri buruzko kasua argitzen laguntzen duela?

- Nik uste dut liburuak egiten duena dela liburua amaitu zen momentura arte kasuaren inguruan gertatutakoaren laburpen aski osoa. Ideia orokor bat izaten laguntzen du, eta hortik aurrera norberak erabakitzen du bere pentsamolde eta ikuspuntuarekin kasuari buruz zer uste duen. Kasua ezagutzen laguntzen du eta guztia zertan den argitzen laguntzen du; zoritxarrez, kasuaren behin betiko soluzioa ez du ematen, baina.


Aurrera begira, kasuaren inguruan norbaitek gehiago sakontzea erabakiko balu, mugarri hartu dezake, behintzat, zure liburua.

- Nik uste dut hori dela liburuaren balioetako bat. Ez dakigu noiz konponduko den erabat, ez dakigu ordura arte zenbat denbora pasatuko den, baina, halako batean, nahi denean, norbait kasua iker-tzen hasten bada, behintzat, badu mugarri bat, erreferentzia nahiko inportante bat. Egia da hari-mutur batzuk geratu direla ikertu gabe, ni iritsi bainaiz iritsi ahal izan dudan lekuraino. Ez dut modurik izan txoko guztietan sartzeko, eta txoko guztiei argia jartzeko.


Kontakizun ofizialetik harago doan liburu bat dela esan daiteke.

- Bai, hala da; batez ere, kontakizun ofizial bat baino gehiago dagoelako. Zein da kontakizun ofiziala? Ez dakit nik. Hor aipatzen dira dauden hipotesi guztiak, nik neuk ere nire iritzia zein den ematen dut. Biltzen ditut gauzak, eta horren gainean iritzi bat ematen dut. Gainera, bestelako datu batzuk ere ematen ditut.


Zer da, zehazki, liburuan bildu duzuna?

- Bi parte ditu liburuak. Lehenbiziko partean, ikerketa bat egiten da, non Joxe Migel Etxeberria 'Naparra' militantzian hasi zenetik desagertu zenera arte eman zituen pausoak biltzen ditudan: zer erakundetan ibili zen eta zer nolako gauzak egin zituen; betiere, nik jakin ahal izan dudaneraino. Bere ibilbidea ezagutu zuten lekukoak egon badaude, baina batzuk hil egin dira, eta beste batzuk ez dute hitz egin nahi. Beharbada, egongo da hori ezagutu zuen jendea eta hitz egiteko prest dagoena, baina nik neronek ezagutzen ez dudana, edo ikerketa horretan aurkitu ez dudana. Liburuaren bigarren partean, bestalde, familiak beraien senidea non dagoen jakiteko asmoz, zer nolako ekinbidea izan duen eta 40 urte hauetan epaitegietan, instituzioetan, Nazio Batuen Erakundean, eta hainbat eta hainbat tokitan egin duen lana jaso dut.


Familiaz ari zarela, nola bizi dute eurek hau guztia?

- Nazio Batuen Erakundean azaltzen dizuete nazioarteko zuzenbidean tipifikatua dagoen delitu bat dela bortxazko desagerpenarena, zeinak ezaugarri batzuk dituen: ezaugarrietako bat da esaten duena delitua egiten dela desagertutako pertsonaren kontra, baina baita bere familiaren kontra ere. Halaber, pertsona desagertua agertzen ez den bitartean, etengabe egiten ari den delitua dela dio. Gauzak horrela, niri iruditzen zaidana da, batez ere, egin behar diren indusketen harira eta, familiaren berbiktimizazio prozesu bat gertatzen ari dela, eta Nazio Batuen Erakundean ere aipatzen dute, kontuz ibili behar dela biktima berriz ez berbiktimizatzeko. Nik uste dut familia Frantzian egin behar diren indusketen zain dagoela, Frantziara noiz joan behar dutenaren zain, baina ez da egun hori heltzen. Beraz, berriz ari direla 'Naparra' desagertu zenean bizi zuten antzeko antsietatea bizitzen, orduko urduritasunak sentitzen.


Eta zer dio Etxeberriaren familiak zure liburuaz?

- Liburua egiteko, etengabe harremanetan egon naiz Eneko Etxeberria 'Naparra'-ren anaiarekin. Kontuan hartu behar da hasieran buru-belarri ibili zirenak gurasoak izan zirela, baina bai ama eta bai aita hil egin dira. Aita 2006an hil zen, eta ama 2018ko azaroan. Ama, beraz, oraindik zain zegoenean hil zen. Beraz, egun, batez ere, Eneko da horrekin jarraitzen duena. Harremanetan egon naiz denbora guztian berarekin; ikusten nituen gauzak kontatzen nizkion eta berak erreferentziak eta laguntza eman dizkit. Espero dut egindakoarekin pozik egotea Eneko.


Garrantzitsua al da gizarteak gertatutakoaren berri izatea?

- Badakigu batzuek zer esaten duten, eta gertatu diren izugarrikeria guztien aurrean zelako jarrera duten, baina niri iruditzen zait beste biktima batzuk itzalean geratu direla; batzuek dioten modura, badirudi bigarren mailako biktima direla: esaterako, Mikel Zabaltza edo 'Naparra' edo beste hainbat eta hainbat. Horregatik, inportantea iruditzen zait gizarteak kasu horiek ere ezagutzea, eta aurretik ezagu-tzen dutenek ez ahaztea.


Kasu irekia da, eta hipotesi asko daude, baina zuk baduzu zeure iri-tzia.

- Batallon Vasco Españolek hasieratik hartu zuen bere gain 'Naparra'-ren desagerpena, eta nahiz eta erabateko ziurtasuna izatea ezinezkoa den gertatu zena jakin arte, nik uste dut BVEk egindako erreibindikazioa dela balekoa. Ez dago erabateko frogarik, baina badaude zeharkako froga nahikoa. Bestalde, kontuan hartu behar da Nazio Batuen Erakundeak bortxaz desagertzearen delituaz diona. Dioenez, estatu batek egin behar du pertsona desagertzea; eta zuzenean egiten ez badu, estatu horren konplizitatearekin behar du desagerrarazia izan.


Uste duzu kasua noizbait itxiko dela?

Nik uste dut kasua noizbait itxiko dela, beste gauza bat da noiz egiten den€ Baina uste dut, ibili-ibilian, noizbait, jakingo dela benetan zer gertatu zen; hala espero dut, behintzat. Ez dakigu kasuak zenbat iraungo duen, nahiago nuke azkar ixtea, baina, hala ez bada, segi dezagun kasua kontatzen eta ezagutzen.

noticias de deia