BILBO. Zabalik dago dagoeneko 'Artista egoiliarrak' ekimenaren edizio berrirako deialdia. Aurten Bilboko Udalak Bilbaoeszena Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren bidez antolatutako ekimen honen hamairugarren edizioa egingo da. Edizio honetan parte hartu nahi duten konpainiek eta artistek martxoaren 14ra arte dute epea proposamenak helarazteko.

BilbaoEszenak hiru proiektu artistiko hautatuko ditu, xede nagusia proposamen eszenikoen sorkuntza, ikerkuntza eta hedapena izan behar dutelarik. Euskadiko artista eta konpainien proiektuak baino ezingo dira aurkeztu. Egonaldietako bat euskaraz garatzeko proiekturik onenarentzat gordeko da, eta, beste biak, Euskadiko artisten eta konpainien bestelako hizkuntzetako proiektuetarako.

Proiektu bakoitzerako 4.000 euro emango dira. Gainera, hautatutako pertsonek aukera izango dute beren sorkuntza prozesuak aurkezteko publiko orokorraren edo sektoreko profesionalaren aurrean, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Jaialdiaren hurrengo edizioan edo Udalaren beste edozein ekimen eszenikoren barruan.

Egonaldi hauen gehienezko epea 25 egun izango da, eta oso ordutegi betearekin egingo dira, aurkeztu eta hautatua izan den proiektu artistikoaren arabera. Egonaldiak BilbaoEszenaren lokaletan egingo dira, bai eta Uriko beste espazio eszeniko batzuetan ere, ahal dela uztailean, abuztuan, irailean eta urriaren erdialdera arte.

PROIEKTUAK AURKEZTEA

Programa honetara, Euskadiko kolektibo edo banakako artista orok aurkeztu ahal dituzte proiektuak, 18 urte baino gehiago badituzte eta interesa baldin badute BilbaoEszenarekin elkarlanean jarduteko, sorkuntza edo ikerkuntza garaikideko lan-prozesuetan.

Laguntzak eskuratu nahi dituzten egonaldi-proiektuak aurkezten dituztenek deialdiaren eskabide orria bete behar dute, behar bezala; hemen daukate orri hori.

ARTISTENTZAKO EGONALDIAK

"Artista egoiliarrak" programa duela hiru urte abiarazi zen ekimen bat da, xedetzat duena Urian arte eszenikoen arloko ikerkuntza eta berrikuntza sustatzea. Xede nagusia, beraz, laguntzea da, eremu eszenikoan sorkuntza edo ikerkuntza prozesuak garatu nahi dituzten entitate artistiko edo banakako artista guztiei baliabideak eskainiz (dirulaguntzak, baliabide teknikoak, formazioa, gidaritza eta beste), batez ere eszena berriekin zerikusi handiena dutenei, interes berezi bat dutenei eta arlo anitzetakoak direnei, ardatz nagusia, betiere, antzerkia eta/edo dantza direlarik, eta bazterrera utzi gabe jardun tradizionalekin zerikusia duten proiektuak, hala nola kaleko antzerkia edo zirkua.

Programa honen bidez, Bilboko Udalaren xedea da, alde batetik, sorkuntza artistikoa sustatzeko ekimenak bideratzea eta babestea. Eta, bestetik, eremu eszenikoa bektore nagusitzat duten ikerkuntza- eta garapen-prozesuak indartzea, bereziki dramaturgia berriekin zerikusia dutenak. Era berean, sormenerako talentuak hauteman eta atxiki nahi ditu, ekoizpena garatzeko prozesurako sarbidea erraztuz.