BILBO. Arriaga Antzokiak ezagutzera eman du otsaileko lehen hamabostaldian eskainiko duen programazioa. Guztira, bost ekitaldi jasoko ditu, denak arratsaldeko 19:00etan. Eskainiko dituen ikuskizunetatik bat erabateko estreinaldia izango da.

Otsailari "Antonia"-ren estreinaldiarekin ekingo zaio, eta hilaren 2an eta 3an ikusi ahal izango dugu Javier Liñerak egindako eta zuzendutako lan berria. Aitor Pérez Colladok eta Begoña Martín Treviñok interpretatzen dute memoriari buruzko lan hau, zergatik gogoratu, zertarako, nola eta zer jakiteko gogotik sortu den funtzioa dena. Bada, obra oroitzapenen artean, iraganaren eta orainaren artean, errealitatearen eta fikzioaren artean dabil.

Hurrengo egunean, otsailaren 4an, "Konpromisoa" euskaraz ikusi ahal izango dugu, Philippe Claudel egile frantsesaren Compromis obraren egokitzapena dena eta Martin Agirrek itzuli duena. Begoña Bilbao arduratu da antzezlanaren zuzendaritzaz eta Joseba Apaolaza, Ramon Aguirre eta Zuhaitz Gurrutxaga aktore ausartek adiskidetasuna, engainuak eta salerosketak nahasten dituen istorioa antzezten dute eszenan.

Otsailaren 5etik 7ra bitartean taularatuko da otsailaren lehen hamabostaldiko proposamen nabarmenetako bat, eta Juan Diego Botto da haren egile eta protagonista bakarra. Federico García Lorcaren testuetatik abiatuta, Bottok "Una noche sin luna" lanaren dramaturgia eraiki du. XXI. mendeko sentsibilitate batetik Lorcari buruz hitz egiten digun pieza hunkigarri eta harrigarria da, Federico bera gaur hemen gure artean dagoela sentiarazten diguna. Lorcaren bizitzaren eta obraren alderdi ez hain ezagunetara hurbiltzen gara eta, aldi berean, bere obraren bidez, gure errealitate propioa ezagutzen dugu, ironia, hunkiberatasun eta umore handiz. Sergio Peris-Menchetak zuzendutako pieza.

Bada beste proposamen artistiko interesgarri bat: "The mountain", Agrupación Señor Serranoren lan berria. Konpainiak harridura atseginez bete zituen Arriagako ikusleak joan den denboraldian Kingdom ikuskizunarekin. Arrakasta handia izan zuen eta, ziur aski, sentsazio onak utziko ditu otsailaren 12an bere sorkuntza berriarekin ere, non, beste behin, hainbat diziplina artistikorekin jolasten den, "egiaren" kontzeptuari buruzko hausnarketa bizia proposatzeko. Nolakoa da? Existitzen da?

Ikuskizun sorta honetako azken antzerki proposamena otsailaren 13an eta 14an ikusi ahal izango dugun "El salto de Darwin" da, Sergio Blandoren lana. Juan Blanco, Cecilia Freire, Olalla Hernández, Teo Lucadamo, Goizalde Núñez eta Jorge Usónek antzezten dute Natalia Menéndezek zuzendutako obra. Obra komediaren eta tragediaren artean nahasten da eta road escenaren eta antzerkiaren poetikaren artean mugitzen da, eta ekintza osoa Argentina iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen N-40 errepide nazionaleko paisaietan gertatzen da. Eszena guztiak 1971ko Ford Falcon baten inguruan gertatzen dira.

LEHEN MAILAKO KONTZERTUA

Azkenik, otsailaren lehen hamabostaldiak benetako harribitxi bat gordetzen du lirikaren zaleentzat, eta bereziki Liedaren jarraitzaile sutsuenentzat. Otsailaren 10ean, Arriaga Antzokian, Christian Gerhaherren emanaldia izango dugu, gaur egun munduko liederista onenetakotzat jotzen denarena. Baritono alemaniarrak bere autore gogokoenen artean dauden Schumann eta Debussyren konposizioak interpretatuko ditu kontzertu honetan, eta bere ohiko pianista den Gerold Huber musikari alemaniar ospetsua izango du lagun. Musika emanaldia, beraz, zoragarria izango da.

SARREREN SALMENTA

Ikuskizun horietarako sarrerak ikusleentzat salgai egongo dira ostiraletik, abenduaren 18tik, Arriaga Antzokiaren webgunean edo Arriaga Antzokiko txarteldegietan.