Alos Quarteteko kidea

Xabier Zeberio: "Gure ibilbidearen laburbilduma da disko hau"

29.11.2020 | 01:13
Alos Quartet.

Alos Quartetek 20. urteurrena ospatzeko emandako kontzertuetan grabatutako diskoa argitaratu du: '20 urte zuzenean'

bilbo – Pandemia heldu baino lehen abiatu zuten proiektua. Hogei urteko ibilbide oparoa ospatzeko egindako lau zuzenekoak (Gasteiz, Donostia, Tolosa eta Bilbon) grabatu eta disko forma eman diote Alos Quarteteko kideek, 20 urte zuzenean. Oraingo egoera dela eta kaleratu edo ez hausnartu zutela onartu arren, Xabier Zeberiok argi azpimarratzen du: hau zen diskoa plazaratzeko momentua. "Musikak jarraitu behar du, birusak ez du guztia geldituko", dio. Hala, urteotako ibilbidea laburtzen duela dio Zeberiok, eta "festa hau borobiltzeko modurik egokiena".

'20 urte Zuzenean'. Nolakoak izan dira taula gainean igaro dituzuen bi hamarkada hauek?

—Laburbiltzeko: oso ederrak. Segituan pasa diren 20 urte izan dira, eta zorte handia izan dugula sentitzen dugu. Urte hauetan gauza eta esperientzia pila bat bizitzeko aukera izan dugu. Batetik gure publiko, disko eta sorkuntzekin eta beste alde batetik, beste artistekin hainbat proiektutan parte hartzeko aukera izan dugulako. Guzti hori laburbildu da urteurrena ospatzeko egin genituen lau kontzertuetan eta baita disko honetan ere. Oso eskertuta gaude.

Eta guzti horren lagin bat aukeratu duzue disko forma emateko.

—Hori da, bai. Gu bezalako talde batek ez ditu egunero hogei urte betetzen eta horregatik planteatu genuen urteurrena ospatzeko arrazoia zela. Aitzakia honekin esan genuen: orain arte bidean lagun izan ditugun artista batzuekin kontzertu potoloak antolatuko ditugu. Gasteizko antzina folk Jaialdian hasi ginen, eta gero Donostian, Tolosan eta Bilbon beste hiru kontzertu eskaini genituen. Azken hau pandemiagatik atzeratu zitzaigun, hasieran martxoan izango zen Loraldia jaialdian, baina duela hilabate bat egin genuen emanaldi hura azkenean, eta ospakizun ederra izan zen. Gure ibilbideko doinurik esanguratsuenak biltzea lortu dugu. Beraz, Alos quartet zer den ez dakienak hemen dauka ispilu argi bat.

Nola jaio zen disko hau sortzearen ideia? Bira hasi zenutenean imajinatzen zenuten disko forma hartuko zuela?

—Egia esateko, ez. Inondik inora. Lehenengo kontzertua duela urtebete izan zen Printzipalean, eta guk ospakizun gisa planteatzen genuen, inondik inora disko bat bezala. Baina gure teknikaria, Jean Phocas, da guzti honen errudun nagusia. Normalean, kontzertu guztietan teknikari lanak egiteaz gain, guretzat grabatzen ditu zuzenekoak. Baina hau modu berezian grabatu zuen, multipista batean. Kontzertu ostean erakutsi eta lau kontzertuak grabatzea erabaki genuen, eta disko bat egitea. Ederra izan da, kontzertu horietan sortutako magia grabazioetan nabaritzen da.

Zerk egiten du berezi?

—Estudioko diskek badute bere gauza baina ez dute zuzeneko baten xarma, ez dute energia hori, magia hori, bat-batekotasun hori, publikoaren berotasuna... Eta hori biltzen du diskoak. Momentu errepikaezinak dira eta hortxe gelditu dira betirako.

Honakoa bosgarren diskoa da, baina aurreko lauen laburpen gisa definitu zitekeen?

—Hori da, bai. Hogei urte hauen laburbilduma bat da. Aurreko disko guztien doinuren bat dago, aukeraketa bat, eta baita orain arte grabatu gabeko doinuak, beste artistekin egindakoak, diskorako bereziki moldatu ditugunak.

Esaterako?

—Adibidez Oskorrirekin grabatutakoak. Edo bere garaian Hertzainaken Aitormenaren bertsioa laukotearekin berriz zuzenean emateko aukera izan genuen Zabala eta Garirekin, benetan hunkigarriak izan zirenak eta betiko grabatuta geratu direnak. Edo Izarorekin, Oreka TX arreglo berriak. Gaur egun Alos Quartet den guztia horri esker da, bidean egindako lanagatik. Laukote kamaleonikoa gara, errespetu handiz hurbiltzen gara artistengana, eta haiengandik ikasten dugu. Dulce Pontesekin hasi ginen, gero Kepa Junkera, Ken Zazpi... Katalogatzen zaila den musika dela esaten digute hainbatetan, baina aldi berean badu bere xarma, guzti horrek egiten baitu Alos.

Kontzertuetako momentu errepikaezin horiek bildu dituzue.

—Hori da politena. Askotan bat-batekotasun horrek badauka bere zailtasuna, bere duda. Baina emai-tza berezia eta bakarra da, eta ba-tzuetan estudioan grabatutakoek ez dute rodajerik. Urteen poderioz bere bidea egiten dute, aldatzen dira eta kantek asko aldatzen dute. Duela 15 urte grabatutakoak orain jotzen ditugun modura ez du zerikusirik. Horregatik uste dut disko honek biltzen duela gaur egun Alos quartet dena eta zuzenean eskaintzen duena.

Testamentu gisa deskribatu zenuten.

—Bueno, testamentua baino laburbilduma dela esango nuke, hogei urte hauetan Alos izan dena eta momentu honetan denaren islada fidela.

Urte berezia borobiltzeko lana izan da?

—Bai. Justo kontzertu hauek harrapatu gintuzten konfinamenduaren aurretik, eta ematen du horretara bueltatzea ezinezkoa izango dela. Publikoarekin konexio hori... Baina behin grabatuta pentsatu genuen: atzeratuko dugu publikazioa? Ez zeukan zentzurik, momentu konkretu bateko gauza da, urteurrena ospa-tzeko kontzertuetan grabatutakoa izan da. Gainera, musikak jarraitu behar du, birusak ez du guztia geldituko. Eta jendea ere gogoz dago musika entzuteko.

Kantaren bat aukeratzekotan, oroitzapen berezirik datorkizu burura?

—Pila. Asko geratu dira sartu gabe, guztiek bere istorioa, xarma dute. Baina esaterako, duela bost urte Oskorrirekin azken kontzertua eman genuen, eta berriro ere batzeko aukera izan dugu aurten eszenatoki batean. Bilbon bi kantu egin genituen eta oso hunkigarria izan zen. Oreka TX-rekin hainbat urtetan ibilbidea egin dugu, lagun minak dira. Josu Zabala eta Garirekin Gasteizen Aitormenaren bertsioa laukote batekin zuzenean egiteko aukera guretzat ederra izan da. Momentu gogoangarriak dira, berriro errepikatuko ez direnak. Festa hau borobiltzeko diska hau da modurik egokiena.

Pandemiak gogor jo du kultura. Nola eragin dizue?

—Gure egoera beti da alambrean. Talde bezala ezin gara kexatu, oso ondo zainduak sentitzen gara eta lana inoiz ez zaigu faltatzen. Baina emanaldirik gabeko garaia da, laguntzarik gabekoa eta gogor jo du kulturan. Irautea besterik ez da gelditzen. Musika gure pasioa da, gure bizitza. Gogotsu gaude egoerari buelta emateko. Datorren astean emanaldiak ditugu jadanik eta gogoak ditugu aurrera egiteko. Musikari asko garai latza ari dira pasatzen eta ez dago laguntza gehiegirik. Beti bezala, umezurtz geratu da kultura. Lehen kaxkar bazegoen, pandemia puntilla izan da. Jendeak hausnartu behar du eta pentsatu kulturak zer nolako garrantzia duen bere bizi-tzan. Orain Durangoko Azoka dator, eta hauspotzea behar da kultura aurrera joan dadin.

Etorkizunera begira, zer proiektu ditu esku artean Alosek? Nola ikusten duzu taldea?

—Oraintxe bertan momentu goxoenean dago Alos. Hau aitzakia batekin hasi zen eta sekulako bultzada izan da taldearentzat. Disko honek ibilbide luzea egiteko ilusioarekin gaude eta proiektu berrietan sartzeko irrikaz. Kontzertuekin hasiko gara orain eta pelikula batentzat soinu banda grabatuko dugu. Beti esaten dugu ibilbide luzeko taldea garela, maratoi bateko korrikalariak, ez momentuko famatik bizi diren artistak. Luzera begira egiten dugu lan, mimo handiz, lasai, eta horrela jarraituko dugu.