BILBO. Ordu gutxi falta dira Zinebi jaialdiaren 62. edizioari hasiera emateko. Bihar, azaroak 13, ostirala, Arriaga Antzokiko teloia igoko da Bilboko hiriarentzat hain berezia den jaialdi honi ongi etorria emateko. Hala, arratsaldeko 18:30etatik aurrera, aurtengo Ohorezko Mikeldia irabazi duten Jean-Pierre eta Luc Dardenne, Ana Murugarren eta Maria Eugenia Salaverri zinemagileei egingo dien omenaldiaren ondoren ikusi ahal izango dira.

Film labur horiek prentsaurreko batean aurkeztu dira gaur goizean. Bertan Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, Vanesa Fernández Zinebiko zuzendariak eta prentsaurrekoan aurkeztu diren zazpi film laburretako zuzendariek hartu dute parte.

Lehiaketan parte hartzen duten zazpi euskal film labur horiek bihar, azaroaren 13an, inaugurazio-galaren amaieran izango dira ikusgai. Inaugurazio-gala horretan, Sra. Polaroiska kolektibo artistikoak zuzenduta, Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe, Zinebi 62k, batetik, Europako gizarte-zinemaren ahotsik irmoenetako bat—Dardenne anaiena—, eta, bestetik, Bizkaiko zinemako bi aitzindarik 1980ko eta 90eko hamarkadetan egindako lana —María Eugenia Salaverri idazle, gidoilari, ekoizlea eta Euskadiko Idazleen Elkarteko lehendakaria, 2012tik, eta Ana Murugarren Marcillan (Nafarroa) jaiotako zuzendari, gidoilari eta muntatzailea— goraipatuko ditu.

LEHIAKETAN PARTE HARTZEN DUTEN EUSKAL FILM LABURRAK

  • Ehiza, Hauazkena Taldea kolektiboarena (2020, 5 min. Animazioa)

Rafael Ruiz Balerdi artista donostiarrak Homenaje a Tarzán Tarzani omenaldia animaziozko film laburra egin zuen 1969an, «jarraituko du» hitzekin amaitzen zena. Haren segida da Ehiza. Balerdiren proposamen estetikoari jarraitzen dio, baina oraingoan gure errealitatearen gordintasuna islatzen du: jazarpena, indarkeria, guda eta suntsiketa.

  • Zerua blu, Lur Olaizolarena (2020, 16 min. Dokumentala)

1954ko urtarrilaren 24ean, 22 urteko Mamaddi Jaunarenak itsasontzi bat hartu zuen Le Havretik New Yorkera. Baina bere bidaia lehenago hasi zen herriko zine aretoan, Ortzaizen, pantailatik atera, bizitza zeharkatu eta inoiz uzten ez duten irudiekin: Cadillac ederra, neska gaztea, zerua blu.

  • Polvo somos, Estibaliz Urresolarena (2020, 29 min. Fikzioa).

Jaioterrira itzuli da Ane ezustean, aitonaren hiletan egoteko. Itzultzearekin batera, familiako emakumeekin berriz elkartzeak eragindako tentsioak biziko ditu. Itxura arraroa hartuko du guztiak orduan, ehorztetxean irregulartasunak susmatzen hasten denean.

  • Homeless Home, Alberto Vázquezena (2020, 15 min. Animazioa)

Inork ezin du bere erroetatik alde egin, hauek guztiz ustelduta egon arren.

  • Quebrantos, Maria Elorza eta Koldo Almandozena (2020, 8 min. Dokumentala).

- Maite zenuen, ezta?

- Bai. Uste dut orain dela gutxi utzi diodala maitatzeari. (Interferentziak. Isiluneak. Arrakalak. Bi emakume solasean. Irrati-grafia bat)

  • Maite, Xabier Larrazabalena (2020, 13 min. Fikzioa)

Autobus bat gelditu da errepidearen ondoan. Neska bat jaisten mugikorra esku batean duela, eta bestean tindatzen duen poltsa bat. Azken aldiz telefonoa begiratu ondoren, neska errepidearen ondoan ibiltzen hasi da eta gurutzatu egin du. Hala, basoz inguratutako bide batean murgiltzen da, helmugarantz.

  • Hemen, gaur, berriz, Aitor Gametxorena (dokumentala)

Bitor eta Mikelek Bilboko Aste Nagusian ezagutu dute elkar. Lehenengo begirada berezia izango da bientzat, baina desberdin gogoratuko dute.

Zazpi film hauek Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia (6.000 euro), Mikeldi sariak fikzioaren, animazioaren eta film labur dokumentalaren kategorietan (5.000 euro bakoitzak), Publikoaren EITB Saria (3.000 euro) eta Gidoi Onenaren SGAE Fundazioa Saria (3.000 euro) dira.

60 filmek (21 fikzio, 20 dokumental eta 19 animazio) parte hartzen duten Zinebi 62 Nazioarteko Film Laburren Sail Ofizialeko sariak emango ditu nazioarteko epaimahaiak. Epaimahai hori Anette Dujisin ekuadortar zinema programatzaileak, Eugenia Mumenthaler argentinar ekoizleak, Izibene Oñederra euskal zuzendari eta ekoizleak, Daniel Ribas portugaldar zinema ikertzaile eta idazleak eta Txani Rodríguez euskal idazle, gidoilari eta kazetariak osatuko dute.

JAIALDI HIBRIDOA

Zinebiren 62. edizioa aurrekoen desberdina izango da, eta filmak zinema-aretoetan erakusteaz gain —beti egin izan den bezala—, covid-19 pandemiak markatu duen 2020an, jaialdiaren zuzendaritzak Zinebiren edizio hibrido bat egitea erabaki du.

Aurten, Zinebiren helburu nagusia publikoarentzat, gonbidatuentzat, komunikabideentzat, langileentzat eta jaialdia egitea posible egiten duten enpresa hornitzaileentzat jaialdi segurua eratzea izan da.

Hori dela eta, hainbat film aurkeztu eta erakutsiko dira. Agintaritza eskudunen osasun-gomendioek aukera ematen baldin badute, lan gehienak aurrez aurre proiektatuko dira, baina horrez gain, Filmin plataformaren bidez, on line erakutsiko dira Beautiful Docs ataleko 8 film luzeak eta Sail Ofizialeko ZIFF-Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketan parte hartu behar duten 9 filmak, eta Festhome plataformaren bitartez, Sail Ofizialeko Nazioarteko Film Laburren Lehiaketakoak.

ORDU-MURRIZKETA

Eusko Jaurlaritzak onartutako ikuskizunetarako eta kultura-ekitaldietarako ordutegi-murrizketa dela eta, azaroaren 5ean, Zinebik kendu egin behar izan ditu parte hartu duten filmen errepikapen-saioak, bai Sail Ofizialean - Nazioarteko Film Laburren Lehiaketan, bai Sail Ofizialean - ZIFF Zinebi First Film, bai Beautiful Docs lehiakorra ez den sail paraleloan. Gainera, saioen ohiko ordutegiak aurreratu dira, indarra duen araudia betetzeko, eta denak 21:00ak baino lehen bukatuko dira.

#BILBAOUDAZKENA2020

Zinebi #BilbaoUdazkena2020ekimenaren parte da. Bilboko Udalaren ekimena da, eta herriko kultura-sektoreari laguntzea du helburu. Izan ere, covid-19 krisiak gehien eragiten dien sektoreetako bat da. #BilbaoUdazkena2020ko programazio osoak zorrotz jarraituko die osasun-agintariek ezarritako protokoloei.