Caminho Longe

Ez da lehenengo aldia, Martinezek, Larreategik -aurreko biek zuzendari bezala sinatzen dute- eta Castrok bikote honen goraberak dokumental batean hizpide dituztela. Hain zuzen ere, 2010ean, Zinemaldiko sail berean proiektatu zen Sagarren denbora. Halere, Caminho Longe ez da “bigarren parte bat”, oso “diferentea” dela aitortu dute zuzendariek. “Sagarren denbora asko prestatu genuen pelikula izan zen, beraiekin aurretik zer esan nahi zuten landu genuen. Ustegabeari lehio gutxi irekita utzi genion. Atzera begira kontatutako filme bat zen, ordura arte zer gertatu zitzaien”, azaldu du Martinezek, baina Caminho Longen kontrako bidetik joan dira, ustegabeari lehentasuna eman diogu. Horrek, ez du esan nahi noski gidoirik ez zutenik prestatu, baina “33 urte erbestean pasa ondoren han pasatako azken astea jasotzen” saiatu ziren.

Dokumental berri honetan, itzulerarako prestakuntzak ikusten dira, eta baita bikotearen arteko tentsioak eta beldurrak ere, modu espontaneoan filmatuak izan zirenak. “Gauzak asko aldatu dira hamar urte hauetan, ez bakarrik gu, inguruko guztia ere bai. Sagarren denbora Zinemaldian aurkeztu zenean, testuingurua oso bestelakoa zen, oso ezhoikoa zen horrelako pelikulak egitea”, diote.

Orain, ordea, “memoriari buruzko filmeak oso ohikoak dira” eta horregatik, hain zuzen ere, bikote zuzendariak ez du gatazka armatua jorratzen duten beste filmeekin hainbeste alderatu daitekeen dokumental bat egin: “Orain dela hamar urte egin genuen hori, eta oraingoan zerbait pertsonalagoa egin nahi izan dugu”.

Zentzu honetan, Larreategi eta Martinezek ez dute gatazka eta ETAren desagerpenaren ondorioak aztertu, ez zuzenean behintzat, nahiz eta horrek guztiak, noski, bikotean eragina ere baduen. Aspektu humanoa da biei interesatzen zitzaiena, “deportazioaren azalpen orokor bat baino”.