DONOSTIA. Joan den ostiraletik, hilak 18, martxan da Zinemaldiaren 68. edizioa. Aurten, gainera, euskal presentzia nabarmena izango du jaialdiak, hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen fasean dagoen beste lan bat aurkeztuko baitira bertan. Jaialdia hurrengo larunbatean amaituko da, irailaren 26an.

Sail Nagusia, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Culinary Cinema, Zinemira, Made in Spain, Euskal Zinema Gala, EiTB Gala eta WIP Europa dira aurten modu bateko edo besteko euskal partaidetza duten filmak jasoko dituzten sailak; 21 izenburu guztira.

Euskal zinemari bereziki eskainitako Zinemira atalean hamaika lan aurkituko ditu ikuslegoak aurten. Bertan daude Lara Izagirreren Nora, David Gonzalezen Talento, Nueva Yorkeko zinemagile Eugène Green-en euskal mitologian oinarritutako Atarrabi et Mikelats, Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamasen Non dago Mikel?, Josu Martinez eta Txaber Larreategiren Caminho longe, Ekain Irigoienen Hijos de Dios, Natxo Leuzaren El Drogas, Telmo Esnalen Urtzen eta Pepe Andreu eta Rafael Molésen Lobster soup fikziozko eta ez fikziozko lanak. Zinemira sail barruan baina lehiaketaz kanpo ikusi ahal izango dira, halaber, El estado cotra Pablo Ibar telesaila eta Jo ta ke film ertaina.

Zinemiran lehiatuko diren bederatzi filmak Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira, baita beste sail batzuetan dauden beste lau film ere: Sail Ofizialean egongo den Pablo Agüeroren Akelarre, New Directors atalean aurki daitezkeen Ane (David P. Sañudo) eta Hil Kanpaiak (Imanol Rayo), eta Asier Altunaren ARZAK sine 1897, Culinary Cinemasaila irekiko duen lana. Horrez gain, Sail Ofizialak Patria telesailaren proiekzio berezia ere izango du, Aitor Gabilondoren azken lana, Fernando Arambururen nobela arrakastatsuan oinarritua.

Begirada eta molde berriak bilatzen dituen zinemari leku egiten dion Zabaltegi-Tabakalera sailean, bestalde, Laida Lertxundiren Autoficción eta Marina Palacioren Ya no duermo film laburrek hartuko dute parte. Made in Spain atalean, halaber, eskainiko den La isla de las mentiras lanak ere badu euskal partaidetzarik; eta Arantza Santesteban iruindarrak ekoizpen fasean duen 918 gau izeneko filma aurkeztuko du WIP Europa work in progress atalean.

Amaitzeko, irailaren 22an Victoria Eugenia antzokian ospatuko den Euskal Zinemaren galan Migueltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Jon Mayak zuzendutako Bizimina film laburra aurkeztuko dute; eta hilaren 23an egingo den EiTBren galan, ostera, David Perez Sañudok zuzendutako lau kapitulutako Alardea telesailaren bi atal aurkeztuko dira.