Sorkuntza artistikorako hain garrantzitsuak diren argialdiak sarriago gertatzen dira egunerokotasunetik kanpo. Are gehiago atzerrian baldin bada. Milaka estimulu eskaintzen dituen Tokio hirian bi hilabete eman ostean, Borja Gomez eta Juan Pablo Ordúñez -MawatreS bezala ezaguna- artistek han jasotako uztaren zati bat dakarte Rekalde Aretora. Washi edo origami jadanik ez dira haientzako hitz arrotzak. Samurai Festa izeneko erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Ertibil Japan lehiaketaren irabazleekin egituratu da, zeinak 2019an egindako egonaldian jasotako irakaspenen emaitza erakusten duten orain. Esposizioa urriaren 12ra arte ikusi ahalko da.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak atzo adierazi zuenez, Ertibil Japan 38 edizio bete dituen Ertibil ekimenaren “beste adar bat da”. Duela pare bat urte buelta bat eman eta beste proiekzio bat emon gurean arte-egonaldiak egitea proposatu zuten. Hortaz, bigarren urtea da Japoniako egonaldia egiten dena. Diputatuak esan bezala, Samurai Festa erakusketaren egileak “egoerak baimentzen zuenean egin zuten bidaia”, hau da, 2019ko uztailetik abuztura bitartean. Han hasi eta hemen bukatu duten lanaren emaitza da atzo aurkeztu zutena. Lorea Bilbaoren esanetan, aurtengo irabazleek -Helena Goñi, Maite Leyun eta Daniel Llaria- ezin izan dute Japoniara bidaiatu, baina arte-egonaldia datorren urtean egin ahal izatea aurreikusten da. “Garrantzi-tsua da Bizkaian dagoen talentua bultzatzea eta bere nazioartekotzea erraztea”, esan zuen diputatuak.

Kultura nipondarrean murgiltzeko zailtasunak lehen pertsonan bizi zituen Borja Gómezek. “Tokion bisitari bezala irakurtzen ikasi behar duzu berriz ere. Dakizun guztiak ez du balio”, kontatu zuen artista sestaotarrak bere esperientziari buruz. “Kaletik nindoan eta ez nekien non nengoen edo ez nekien nola erakutsi ongi hezitakoa naizela”, gaineratu zuen. Berrikaspen horrek pertzepzio aldaketa izan zuen emaitza modura. “Nire lanaren aurrean ere beste begirada bat izan dut, eta hori tailerrera eramatea lortu dut”, adierazi zuen Gomezek, zeinak Tokioko kale komertzial bateko estudioan ibili zen lanean, eskaparate bat bailitzan.

Lortutako lanaren emaitza da Cabeza de oro, cuerpo de fuego proposamena. Pintura-multzo horretan Japoniako gizartean sakonki errotuta dauden kolore, forma eta keinuekiko topaketak bereak zalantzan jartzen ditu. Youkobo Art Space-n, Joshibi-ko Artearen eta Diseinuaren Unibertsitatearekin lankidetzan, material ezberdinekin esperimentatu zuen, eta, horren ondorioz, bestelako topaketak eta aurkikuntza erdietsi zituen. Rekalde Aretoko kabinetean, washi papel tradizional japoniarraren gainean olioz zein tintaz egindako zenbait pieza aurki daitezke, baita egoitzatik itzultzean egin zituen beste pintura batzuk ere. “Heroi gehiagorik ez egunerokotasunaren garrantziaren aurrean, denok egiten ditugu sakrifizioak”, defendatu zuen, bestalde, MawatreS artistak, pertsonaia eta irudi historikoak goraipatuz nagusi diren monumentuei erreferentzia eginez. Origamis lanean, MawatreSek hamabost forma monumental posible eskaintzen ditu paperen tolesdura bezalako eguneroko zerbaiten bidez. Bere obraren zutabe nagusia Rekalde Aretoan bertan garatutako horma-irudi bat da, hogei metroko luzeraduna, Japonian egin zuen marrazki-proiektuaren jarraipena proposatzen duena, zementua material gisa erabiliz.

Bere esanetan, arte-egonaldia “oasi” bat izan da, eguneroko eran-tzukizunetatik kanpo, kalera irten eta ikasteko aukera eman diona. “Erakusketa batek ezin dezake bereganatutako guztia laburbildu. Irakaspen bat da. Hori da ”, adierazi zuen Yokohamako Koganecho Art Center-en izan zen artistak.

Madrilgo artistaren egonaldian oroitzapenezko hizkuntza azter-tzeko premiaren inguruko ikerketa plastiko eta teorikoarekin jarraitu du. Momentuaren diziplinak kontakizun hegemonikoari ematen dion balioa desegitea ez ezik, helburua orimenaren errealitatea korala den zerbaiten antzea zeharkatzen duten bestelako modu batzuk bilatzea eta proposatzea ere bada, betiere kontakizun, esperientzia, kapitulu eta eztabaidetan oinarrituta.

Jardueretarako joateko, ezinbestekoa da izena ematea 944068532 edo honako helbidean: salarekalde@bizkaia.eus.

Gaur

ECOS #29 saioa ‘Samurai Festa’-tik abiatzen da. Zerikusia duen Veva Linaza artistaren obra aurkeztuko da.

Irailak 16

Topaketa bat egongo da ‘Samurai Festa’ erakusketaren artista biekin.

“Erakusketa batek ezin dezake bereganatutako guztia laburbildu. Irakaspen bat da.”

Madrilgo artista

“Tokion bisitari bezala irakurtzen ikasi behar duzu berriz ere. Dakizun guztiak ez du balio”

Sestaoko artista