49 herrialdetako 165 zinema-eskolak hartuko dute parte ikasleen-tzat egiten den film laburren nazioarteko Nest lehiaketan. Orotara, 348 film labur aurkeztu dira, hamahiru hautatuz. Ekoizpenak Alemania, Argentina, Kuba, Espainia, AEB, India eta Erresuma Batuko zentroetan egin dira. Horietako zazpi gizonezko zinemagileenak dira, eta gainontzeko seiak, emakumezko zinemagileenak.

Egitasmo hau Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatu dute, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazteko asmoz. Aurtengoan, lehiaketak ohiko aurrez aurreko formatua mantenduko du, eta proiekzioak irailaren 21etik 23ra bitartean egingo dira.

Nesten ikusi ahal izango diren film laburren artean, Elias Querejeta Zine Eskolak (Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta eta Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak partaidetuta dagoen zentroa) egin du, Ella i jo izenekoa. Zuzendaria Jaume Claret Muxart (Santu Cugat del Valles, 1998) da, Donostiako eskola horretan Sorkuntzako graduondokoa ikasi zuena.

Epaimahaiari dagokionez, aurten, salbuespen gisa, azken edizioetako hiru irabazlek osatuko dute. Euren esku egongo da Film Labur Onenaren Nest Saria aukeratzea. Irabazleak, urtero lez, 10.000 euro jasoko ditu.

Azken urteetan Nest lehiaketa Zinemaldiko parte garrantzitsu bat izan da talentu berrien hazitegi gisa, eta aurten ere hala izango da. Izan ere, New Directors sailean estreinatuko da Isabel Lambertiren La ultima primavera. Alemanian jaiotako eta Espainian zein Holandako hazitako zinemagileak 2015ean Nesteko Torino Award saria irabazi zuen. Halaber, sail berean Grigory Kolomytsev errusiarraren Chupacabra filma egongo da. Azken honek, 2016an eta 2018an hartu zuen parte egitasmoan. Iaz ere, Oren Gerner israeldarra New Directors sailean sailkatu zen Africa lanarekim, Greenland graduazioko film laburra Nesten aurkeztu eta bost urte beranduago.

Aipatutakoez gainera, aurreko edizioetan bezala, Nest sailean sarituak izan diren film laburrak behin eta berriz emango dira. “Medialaben gaitutako pantaila batean ikusi ahal izango dira lan horiek, hau da, sormen-liburutegia eta teknologia eta kultura digitaleko laborategia leku berean biltzen dituen Tabakaleraren zerbitzuan. Sailean parte hartu duten film labur guztiak digitalizatuta eta artxibatuta daude Medialaben, eta liburutegiko edozein erabiltzailek eskuragarri ditu kontsultarako”, jakinarazi dute Donostia Zinemalditik ohar baten bidez.