BILBO. Arriaga Antzokiak 'La función que sale mal' izeneko antzerki komedia hartuko du irailaren 16tik 27ra bitartean. Antzezlan hau Bilbao Uda 2020 ekimenaren barruan dago.

'La función que sale mal' komedia Monty Pythonen eta Sherlock Holmesen arteko nahasketa da. 2015ean komedia onenaren Olivier Saria irabazi zuen ikuskizunak, antzerki talde amateur baten misteriozko obraren estreinaldia aurkezten digu. Estreinaldi horretan, izenburuak berak iragartzen duen bezala, txarto atera daitekeen guztia, txarto aterako da!

“Hondamendiaren maisulana”; horrela definitu zuen The Times egunkariak antzezlana. Bertan, ezbeharretarako joera bitxia duten antzezleek, horien kontra borrokatzen dira antzezpen osoan zehar, ondorio dibertigarri bezain konponezinekin.

La Función Que Sale Mal ikuskizunak mundu osoko 8 milioi ikus-entzule baino gehiagori eragin dizkie barre-algarak Londreseko West Enden estreinatu zenetik (2012), bere kategoriako sari nagusiak bereganatuz. Ordutik, bere arrakasta 30 herrialde baino gehiagotara hedatu da, bost kontinenteetan ikusi da, eta nazioarteko 11 sari lortu ditu, horien artean, Ezusteko komediaren Olivier sari, Eszenografiaren Tony sari, eta Ezusteko komediaren Moliere sari ospetsuak. Aipatu beharreko beste une garrantzitsu bat 2017an izan zen, txarteldegiari dagokionez Broadwayko komediarik arrakastatsuena izan zenean, eta bi denboraldi eman zituen karteldegian. Antzezlanak izan duen arrakasta handia ikusita, BBCk “The Goes Wrong Show” telesaila sortu berri du.

Ez da harritzekoa, beraz, komedia ikuskizunen ekoiztetxe garrantzitsuenen desioaren objektu izatea. Espainian, SOM Produce, Nearco Producciones, Cobre Producciones eta Olympia Metropolitana etxeen artean gauzatu dute proiektua, lan handien ekoizpenean eta aurkezpenean ospea duten lau ekoiztetxe. Lana uda honetan iritsiko da Arriaga Antzokira, 2019-2020 denboraldiko lehen hilabeteetan Madrilgo Latina Antzokian arrakasta handia lortu eta gero.

SARRERAK BIHAR SALGAI

Bihar, asteartean, uztailaren 21ean, jarriko dira salgai La Función Que Sale Mal ikuskizunerako sarrerak, ohiko salmenta kanaletan: webgunean eta antzokiko txarteldegietan. Sarreren prezioak 16 eta 33 euro artekoak izango dira. Gogorarazi behar da Arriaga Antzokiaren edukiera emanaldi horietarako bere edukiera osoaren % 60koa izango dela, indarrean dagoen araudiak markatzen duena betez. Ikus-entzuleek maskararekin joan beharko dute, eta une bakoitzean ezartzen diren higiene eta segurtasun neurriak bete beharko dituzte.