Sormen Beka Da! lelopean eta ikus-entzunezko lanak oinarri izanda, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak euskarazko sorkuntza sustaztea eta sortzaile hasiberriei erraztasunak eman nahi dizkien Sormen Beka honen hirugarren edizioaren xehetasunak, prozedurak, eta egitasmoa ezagutzera eman zituzten atzo. Guztira, 15.000 euroko dirulaguntzako beka izango du lan irabazleak eta proiektuak aurkezteko epea irailaren 21era arte egongo da zabalik.

Atzo goizean, Zugaza zinemaren kanpoaldean egindako prentsaurrekoan, Nerea Mujikak, Gerediaga Elkarteko presidenteak, eta Sormen Bekaren antolatzaileek Argizaiola sarien ordez duela hiru urte hasitako hirugarren deialdiaren xehetasunak ezagutzera eman zituzten. Mujikak azpimarratu zuen moduan, Durangoko Azokaren baitan sartzen den beka honek “sortzaile berrien ametsak, ilusioak eta proiektuak betetzen laguntzea du helburu. Berriak, baina ez derrigorrez gazteak, sorkuntza munduan lehen urratsak eman nahi dituzten adineko pertsonak ere daudelako”.

Izan ere, egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da, eta, horregatik, sormenaren munduan lehen pausoak eman nahi dituztenentzat bultzada izateko sortu zen beka hau. “Ideia batetik hasi eta ideia horren ibilbide guztia egin arte prozesu osoa biltzen duen beka da”, azaldu zuen Mujikak.

Agerraldian, Ane Abanzabalegi kultura zinegotziak horrelako ekimenak eta euskal kultura babesten jarraitzearen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. “Garai zailak bizi ditugu gizarte bezala eta zer esanik ez sortzaileek. Hilabete gogor hauetan etxean sartuta egon garenean une oro kontsumitu dugu kultura, euskal kultura, eta, orain, inoiz baino garrantzitsuagoa da sormen beka honen bezalako ekimenak babestea eta bultzatzea. Udal moduan gure esku dagoen guztia egingo dugu honelako ekimenak eta euskal kulturaren ekosistema bultzatzen jarraitzeko”, adierazi zuen.

Premisa horrekin, Durangoko Sormen Bekaren edizio berria 18 urtetik gorako sortzaile berri guztiei zuzenduta egongo da, baldin eta zirkuitu komertzialetan lanik aurkeztu ez badute eta ikus-entzunezko jaialdietan saririk jaso ez badute.

Era berean, lanak aurkezteko epea 2020ko irailaren 21eko 18.00ak arte egongo da zabalik. Bertan, aurkeztu beharreko dokumentuak eskabide-inprimakia, parte-hartzaileen kurrikuluma eta portfolioa, ikus-en-tzunezko proiektuaren memoria, hala nola, burutzeko motibazioa, izango duen luzera, kronograma eta landu nahi den ikus-entzunezkoaren gidoia, eskaleta edo storyboard-a aurkeztu beharko dira, lan honen ekoizpen planarekin bat.

Lehiaketa bidez aukeratuko da Sormen Bekaren proiektu irabazlea. Epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu eta hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean.

Besteak beste, balorazio irizpideak proiektuaren kalitatea, gaitsun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena, eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa baloratuko ditu.

Antolatzaileek azaldu zuten moduan, lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da. Irabazlea, 55. Durangoko Azokan jakinaraziko da eta 15.000 euroko beka jasoko du aurkeztu duen sormen-prozesuan laguntzeko eta, ondoren, urte osoan zehar gauzatzeko. Horrela, emaitza eta lanaren aurkezpena urtebete geroago egingo da, Azokaren 56. edizioan.

Proposamenak aurkezteko modua posta elektronikoa izango da. Proiektuak gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidali ahalko dira azaroaren 30era arte. Edozelan ere, egungo deialdia arautuko duen oinarri eta dokumentu guztiak www.durangokoazoka.eus webgunean ere jasota daude.

“Hirugarren urtez beka honek sortzaile berrien ametsak, ilusioak eta proiektuak betetzen laguntzea du helburu”

“Ideia batetik hasi eta ibilbide guztia egin arte prozesu osoa biltzen duen beka da”

Geredia Elkarteko Presidentea