BILBO. Hurrengo asteartetik aurrera, hilak 14, Euskalduna Jauregiak kultur jardueraz beteriko astea hartuko du Aurrera Fest! jaialdiaren eskutik. Mota guztietako hainbat ekitaldi izango dira astean zehar.
Asteartean "Lur hau gurea" dokumentalarekin hitzordua izango dugu. Zuzendaria Larraitz Zuazo da, eta Iñaki Goirizelaia koreografia arduraduna. 0B Aretoan, 7,5 eurotik aurrera (kudeaketa gastuak barne). Lanak euskaldunen jatorri emigrantea gogorarazten du. Koreografiaren bitartez, emigrante euskaldun batek Euskal Herritik Ipar Amerikara egin zuen benetako bidaia kontatzen du. Eguneko bigarren hitzordua "Aurrera Fest!-Itxaropen Iturri" izango da, 0E aretoan, 14,5 eurotik aurrera (kudeaketa gastuak barne), eta uztailaren 16an, ostegunean, errepikatuko du. 43º13'44''N pieza, egileak familiaren eta taldearen memorian bilatzeko egin duen prozesuaren emaitza da. Beste leku batera joateko bidean aurkitutako istorioa da. Bide horretan, irudimenaren mekanismoek memoriak ez dauzkan hutsuneak betetzea lortzen dute.
Musika modernoa izango da protagonista uztailaren 15ean, asteazkenean, Lorelei Green/Yo Gerard taldearekin, 0B aretoan 19,5 eurotik aurrera (kudeaketa gastuak barne). Asteazken honetan, Edurne Zabaloren eta Gorka Hermosaren musika klasikoaren txanda izango da. 0E aretoan arituko dira, 14,50 eurotik aurrera (kudeaketa gastuak barne).
Asteburu aurreko saioa, ostiralekoa, uztailaren 17koa, Garikoitz Mendizabalek eta Gorka Hermosak egingo dute, euren txistuarekin eta akordeoiarekin, hurrenez hurren, Auditoriumean, pieza hauek osatuko duten egitarauarekin: Gernika, 26/4/1937, Neotango Concerto, Ekia, Anantango, Milonga del vent, Galliano en Santiago, 4 Dances from Iberia, Brehme, Saudade Ártica eta Paco. Sarreraren prezioa 20 eurotik aurrerakoa izango da (kudeaketa gastuak barne). Egun horretan bertan, 0E aretoan, "Write your dance" taularatuko da 14,5 eurotik aurrerako sarrerekin (kudeaketa gastuak barne).
Asteburua "Comunicado de muerte" lanarekin hasiko da, uztailaren 18an, larunbatean, 0E aretoan, 14,5 euroko prezioan (kudeaketa gastuak barne). Askatasunaren eta ondasun komunaren aldeko borrokari eta horren kontraesanei buruzko bi koadrotan egindako antzelana da. XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan girotuta, gizakiaren konplexutasuna islatzen du.
Lehen mailako hirukote batek itxiko du asteburuko programazioa igandean, uztailaren 19an. Euskal Herriko Gazte Abesbatza: in Memorian Auditoriumeko eszenatokira igoko da, begirada introspektiboarekin, gure oraintsuko historia markatu duten gertaerak gogoratuz. Pertsona oro identifikatuta sentitu daiteke, bere adina edozein dela ere. Hunkitzeko hunkitzea, sentitzeko sentitzea da Basilio Astulezek eta Aitor Biainek osatutako zuzendaritza artistiko berriak, Itxaso Sainz de la Mazak pianoan lagunduta, piztu gura izan duen motorra, Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak bultzatuta Euskal Herri osotik etorritako 40 gazte biltzen dituen kolektiboaren aro berri honetan. Sarrera 22 eurokoa izango da (kudeaketa gastuak barne).
"Baserritik Jauregira" saioak ere ez du inor hotz utziko, lied-aren historian zehar egindako ibilbidearekin. Abestuko dituzten kanten artean, euskaraz idatzitako zenbait daude, Azkue, Aita Donostia, Alberdi, Canteloube, Morera, Toldrà, Guridi edo Solozabal musikagileek idatzitakoak, besteak beste. Horietako batzuek bakarlarientzat bildu eta moldatu zituzten abesti herrikoietatik hasi, eta musika kultuan lengoaia horiei lekua egin eta izen handiko poetei musika jarri gura izan zituztenetara doan bidaian murgilduko gara. Baserritik Jauregira ikuskizunak irudikatu gura du euskara eta katalana, ikuskizuna osatzen duten artistekin lotura sakonak dituzten hizkuntzak, landa inguruko hizkuntza izatetik burgesak izatera zelan igaro ziren, hizkuntza herrikoi izatetik hizkuntza kultu izatera, azken batean: baserrietatik jauregietara, kasu honetan bezala: Euskaldunara. 0B aretoan. Prezioa, 19,5 euro (kudeaketa gastuak barne).
Uztailaren 19rako, iganderako, Euskaldunako hirugarren proposamena, Bizkaia By Jaz Collective taldearen eskutik dator. 0E aretoan arituko dira, eta sarrerak 14,5 euro balioko ditu (kudeaketa gastuak barne).
Uztailaren 20an, astelehenean, hasiko da kultur jarduerako astea Euskalduna Jauregian, "Welcome to Las Vegas" ikuskizunarekin, 0B aretoan (sarrera 19,5 euro, kudeaketa gastuak barne). Astelehen horretan bertan, 0E aretoan, "Soinuaren bidai dantzan" eszenatokira igoko da (14,5 euro, kudeaketa gastuak barne). Tronboiaren, txistuaren, harizko laukotearen soinuak eta dantzaren arteak adierazten dituzten emozioetan zehar egindako bidaia da.