BILBO. Pasa den astelehenean, arte plastiko eta ikusizko, musika, dantza eta antzerki arloko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzen deialdia ezaguarazi zuen Euskal Herriko Agintaritza Aldizkariak. Laguntzak eskatu ahal dira dagoeneko eta uztailaren 16ra arte egongo da epea zabalik.

377.000 euroko zuzkidura banatuko da goian aipatutako diziplina guztietako eskatzaileen artean. Arte plastiko eta ikusizkoetarako 70.000 euro egongo dira; musikaren kasuan, biretarako 115.000 € eta kontzertu berezietarako 15.000€, guztira 130.000, beraz. Dantza biretarako, bestalde, 45.000 euro; eta, azkenik, antzerki bira eta denboraldietarako, 132.000 euro.

Lagunduko diren ekintzak, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egindakoak edota egiteko daudenak izango dira. Urte honetan, Covid-19aren pandemiaren eraginez, artisten mugikortasuna bereziki murriztuta geratu dela kontziente da Etxepare Euskal Institutua. Egoera hori kontuan hartuta, sektore bakoitzarekin hitz eginez adostu ditu dirulaguntza hauen aurtengo oinarri bereziak. Agintaritzaren aldizkarian edota Etxepare Euskal Institutuaren webguneko “Deialdiak” atalean kontsulta daitezke oinarriok.

Dirulaguntza hauek ezinbestekoak dira euskal kultura nazioartean ikusgarri egiteko. Etxepare Euskal Institutuak urtero lan egiten du arte diziplina bakoitzaren nazioarteko sustapenean, horretarako hainbat tresna erabiliz. Artistak euren kabuz mugi daitezen laguntzak ematea da, ordea, euskal kultura atzerriko ekintzetan modurik natural eta anitzenean integra dadin tresnarik eraginkorrenetarikoa.