BILBO. Bihartik aurrera, hilak 16, asteartea, Rekalde Aretoak Ivan Gomezen 'La noche salva' izeneko obra hartuko du. Erakusketa Barriek 2020 erakusketa-zikloaren barruan dago.

Natalia Suarez eta Claudia Rebeca Lorenzoren lanak erakutsi dira 2020ko bederatzigarren edizio honetan; orain Ivan Gomezen txanda da eta Irati Inorizaren lanarekin amaituko da.

Foru erakusketa aretoa langileen eta bisitarien prebentziorako eta segurtasunerako beharrezkoak diren osasuneko segurtasun neurri guztietara egokitu da. Horrez gain, jendearentzako ordutegi jarraitu berri bat eskaintzen du, 11:00etatik 18:30etara, erakusketetarako sarbidea eta horietaz gozatzea errazteko.

"La noche Salva" proiektuaren helburua izen bereko eleberri txiki bat zabaltzea da. Erakusketa hau guztiontzat oso ezaguna den bigarren mailako pertsonaia batetik abiatzen da, zerbitzari bat, eta sostengatzeko eta eusteko ekintza azpimarratzen duten pieza batzuk erakusten ditu, kontakizunaren gainetik dauden gaiak lurreratuz, hala nola morrontza eta klase sozialak.

Ivan Gomezek azaldu duenez, 'Nire jardunean pixkanaka joan naiz kezkatzen irudiak, objektuak, espazioak, terminoak eta pertsonak erlazionatzeko moduez. Harremanaren eta hari erantzuteko moduen kontu hori ohikoa da nire praktika osoan. Nozio honetan bideo-muntaiatik eta collagetik, instalaziotik, bitartekaritzatik eta idazketatik lan egin dut. Denbora daramat, beraz, artea oinarri hartuta ikerketa praktikatzen. Entseatzen. Eta gaur egun uste dut saiakuntza horiek tenkatzeko modua proposamen-praktika bat, besteentzako egite bat, "arteko" bat probatuko duten gailu gisa pentsatzea dela.

IVAN GOMEZEN BIOGRAFIA

Ivan Gomez (Irun, 1984) Arte Ederretan lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitatean eta Los Bañoseko (Kuba) San Antonioko Zinema Eskolan jarraitu zuen ikasten. Ikerketa eta Sorkuntza masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan jarraitzen du ikertzaile lanetan.

MAMM (Medellin), Pärnu International Film and Video Festival (Tallín), Vostell Malpartida Museoa (Cáceres), La Casa Encendida (Madril) eta Berlin, Brusela eta New York bezalako hirietan ikusi ahal izan dira bere piezak. Sari asko irabazi ditu eta bere pieza batzuk bilduma pribatu ezberdinetan daude.