Gaur goizean

Azkuna Zentroak bere ateak ireki ditu berriro

01.06.2020 | 13:21
Gonzalo Olabarria, Juan Mari Aburto eta Fernando Pérez, Azkuna Zentroaren berrirekieran.

BILBO. Aurreikusita zegoen moduan, gaur goizean Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok bere ateak ireki egin ditu berriro, koronabirusak eragindako nahitaezko itxiera gainditu eta gero. Deseskalatzearekin batera ireki duten beste saltoki, museo eta edozein establezimendu bezala, segurtasun-neurri zorrotzak bete behar izango dira, hala nola gizarte-distantzia mantentzea, edukierak egokitzea eta eskuak desinfektatzea. Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Kultura zinegotzi Gonzalo Olabarria eta zentroko zuzendari Fernando Pérez izan dira berrirekieran.

Hasiera honetan sarbide bakarra prestatu da Arriquibar plazatik, edukiera kudeatzeko eta bertara sartzen diren pertsonei informazio egokia emateko. Lehen fase honetan, Azkuna Zentroak 10:00etatik 20:00etara irekiko du, eta jardueraren zati bat bulegoetan berreskuratuko du. Ordutegi horretan bertan, dendAZ, zentroko dendara, eta Az Info, Jendearentzako Arreta Zerbitzura sartzea posiblea izango da Erakusketa Aretoa 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara irekita egongo da.

Bigarren une batean, ekainaren 15ean, beste gune batzuk jarriko dira martxan, hala nola Mediateka, non proiektua birplanteatzen hasi den, eta Lantegia. Ideien laborategia, arte-sorkuntza bultzatzeko ekintza-eremua.

DENA BERDINA IZANGO DA, EZER EZ DA BERDINA IZANGO

Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak eutsi egiten dio herri-komunitateen lokailu izateari. Zentroak 2020-2021 aldian birprogramatutako programazioarekin ireki ditu ateak, eta hori gaur egungo Proiektu Programa 2019-2023 programazio-ildoen inguruan kokatzen da: arte garaikidea, arte biziak, zinema eta ikus-entzunezkoak, kultura digitalak, literatura eta gizartea. Hilabete hauetan, ezeztapenak saihesteko lan egin da, aurreikusitako kontratu eta proiektu guztiak berriro programatzen eta mantentzen saiatuz.

Hala, 2020ko ekainetik abendura arte, Azkuna Zentroak 70 kultura-jarduera baino gehiago planifikatu ditu, baita bi zinema-ziklo eta asteko ia egunero irekiko diren erakusketak ere. Gainera, hilabete hauetan #AZEtxean bidez izandako esperientzien ondoren, Azkuna Zentroak bere online programazioa indartuko du sorkuntza artistikoan eta ezagutzaren transmisioan oinarritutako programazioarekin.