- Alarma egoerarengatik jarduera eten behar izan duten kultur eta arte esparruko profesionalek Jaurlaritzaren diru-laguntzak gaurtik aurrera eskatu ahal izango dituzte, hamar egun balioduneko epean.

Lanbide Enpleguko Euskal Zerbitzuak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2,5 milioi euroko aurrekontua izango duen programa bat sustatu dute. Egitasmo hau pasa den apirilaren 29an onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak.

Gauzak horrela, kulturako profesionalen ekonomia jarduera lagundu nahi da, haien jarduera azken asteetan bertan behera geratu behar izan delako kasu askotan. Are gehiago, zehatz-mehatz egoitza pertsonala eta fiskala EAEn duten, adinez nagusiak diren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpean artisten jarduera profesionala duten pertsonei dago zuzenduta programa. Halaber, jarduerak eta programak bertan behera utzi dituztela zin egin behar dute kultur arloko langileek, eta gutxienez haien diru sarreren %60 kultur esparrutik etortzekotan jaso dezakete laguntza hau.

Azkenik, laguntzaren kantitateari dagokionez, 2019an izandako diru sarrera garbien hileko batez bestekoaren %70aren baliokidea izango da, eta, gehienez 1.200 euro jaso daitezke hilabete bakoitzean. Dena den, eskatzailea kultur arloan urtarrilaren 1etik martxoaren 13ra bitartean hasi bada, zenbatekoa 950 eurokoa izango da hilabetean, hots, gutxieneko soldata.