BILBO. Itxaro Borda, idazle eta itzultzaile baionarra, Bruselako Liburu Azokan izango da. Baionarra azokaren lehen egunean, martxoaren 5ean bertan, izango da Bruselan. Aurtengo Bruselako Liburu Azoka martxoaren 5etik 8ra bitartean egingo da.

Zita honetara Itxaro Borda idazle eta itzultzaile baionarra gonbidatu dute, eta EUNIC Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalen sareak antolatutako egitarauaren parte izango da, mahai inguru batean parte hartuz.

EUNIC sareak ordezkatutako kultur institutu nazionalek esku-hartze berezia izan ohi dute azokan; batez ere, 2016 urtean Europar Batasuneko hizkuntza aniztasuna islatzeko helburuz sortutako espazio bati esker: Place de l'Europe. Gune horretan, aurten ere, hizkuntza ezberdinetan jarduten duten autore, kazetari eta Europako paisaia literarioko izen esanguratsuez osatutako egitaraua egongo da, hizkuntza aniztasuna lehen lerrora ekarriz.

Azokaren lehen egunean, martxoaren 5ean bertan, izango da Bordaren parte hartzea Bruselan. Egun horretan, itzulpengintzaren gaiaren inguruan hainbat ekintza egingo dira azokako Place de l'Europe gunean, "Cinquième Journée de la Traduction" (Itzulpengintzaren bosgarren eguna) izenarekin. Egitarauaren helburua, itzulpengintzak kultura arteko ulermenean jokatzen duen paperaren garrantzia azaleratzea izango da.

Tom Nisse poeta eta itzultzaile luxenburgotarrarekin eta Agata Tomaz?ic? kazetari eta itzultzaile esloveniarrarekin partekatuko du mahaia baionarrak. 17:15etarako finkatua dagoen mahai inguru honek "Traduire d'une rive à l'autre : Le modèle protéiforme de la traduction en Europe" du izenburu, eta Europako itzulpengintza-eredu ezberdinen konplexutasunaz jardungo dute hiru partaideek. Euskal idazleak, bere esperientzia profesionalari buruz mintzatzeaz gain, Maiatz argitaletxe baionarraren ordezkari gisa ere hitz egingo du ekitaldian.

Itxaro Bordaren parte hartzeaz aparte, EUNIC sareak antolatutako standean euskal literaturaren eskaintza publikoarentzat eskuragarri egongo da hizkuntza ezberdinetan.

Etxepare Euskal Institutuaren bidez euskal idazleen parte hartzea EUNIC erakundeak Europako Batzordearekin duen akordioaren markoan kokatzen da. Institutua EUNICen Bruselako klusterreko kide elkartua da 2015etik. Horren ondorioz, urtean zehar Bruselan egiten diren beste hainbat jaialditan ere presentzia izan ohi du euskal literaturak, hala nola, irailean egiten den Fête de la BD komiki azokan, edota Transpoesie poesia jaialdian.

Batez ere, frantsesezko literatura lehen planoan jartzeko sortu zen Foire du Livre de Bruxelles 1969. urtean. Frantzia, Suiza, Luxenburgo eta Quebec-etik frantsesezko literaturaren sektoreko profesional asko (argitaratzaileak, idazleak, itzultzaileak€) joan ohi dira bertara, baina baita nazioarteko beste hizkuntzetako literaturaren profesionalak ere. Urtero 72.000 bat bisitari izan ohi ditu azoka handi honek; 500 argitaletxetik gorako 1.200 autore gonbidatuko dira; eta 315 jarduera antolatuko dira azokak dituen orotariko guneetan. Edizio bakoitzean herrialde gonbidatu bat izan ohi du Bruselako liburu azokak, eta bertako idazle eta editore esanguratsuenekin egitarau berezi bat antolatu ohi dute; aurtengoa Maroko izango da.