Pabilioi 6ko Gazte Konpainiaren hirugarren promozioak Mi último baile antzezlana eskainiko du martxoaren 3 eta 4an, datorren asteartean eta asteazkenean, Arriaga Antzokian 19:30etan.

Getari Etxegaraik zuzendu du, eta "izaera feminista eta erreibindika- tzailea dauka obrak", atzo ohar batean azaldu zutenez. Konpainiak berak sortu du antzezlana Patxo Telleriaren eta David Caiñaren aholkularitzarekin eta "diktaduraren ondorioak zuzenean jasan ondoren, euren bizitzei gogor heltzea eta herrialde oso baten oinarriak dar-dar jartzea erabakiko duten lau ahizpen istorioa da", datorren astean taularatuko dutena.

Erdi errealitate, erdi fikzio, obra Las Mariposas izeneko emakume talde bati egindako omenaldia da. "Emakumeen eta herriaren eskubideak defendatuz hil arte borrokatu ziren eta, horrela, martir eta heroi bilakatu ziren Las Mariposas izenekoei egindako omenaldia da". Hain zuzen ere, azaroaren 25 bakoitzean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, beraien hilketaren urteurrena gogoratzen da, eta Hau zuengandik doa, ahizpak. Askatasuna edo hil!, aldarrikatzen da.

Taula gainean izango diren aktoreak hurrrengoak dira: Sara Barroeta, Graciela Dóniz, Unai Elizalde, Tania Fornieles, Kepa García, Nahikari Rodríguez, Pelayo Serrano, Sandra Tejero eta azkenik, Yeray Vázquez, guztiak Getari Etxegarairen zuzendaritzapean arituko direlarik. Horrenbestez, Diego Pérez aktorea zuzendari urgazle lanetan ibili da.

Bestalde, prozesuan hainbat profesionalen laguntza izan zuen Konpainiak. Alde batetik, Jule Goikoetxea soziologoa, politologo eta feministaren laguntza izan zuten dokumentazio lana egiteko, eta hark "emakumeari buruz egin zien berba, emakumearen esparru guztietan (profesional, bikote eta ama gisa), emakumearen eskubideei, eta egungo eta iraganeko gizartean emakumeak betetzen duen lekuari buruz".

Horrez gain, Patxo Telleriak testua sortzen eta "trama eta pertsonaia interesgarriak eraikitzen lagundu zien". Telleriak berak, David Caiña dramaturgoarekin batera, testuaren jarraipena egin zuen prozesu osoan zehar, nahiz eta bere horretan, Gazte Konpainia osatzen duten antzezleek sortu zuten hasieratik.

Azkenik, musikari dagokionez, Adrian Garcia de los Ojosek ondu du, eta Konpainiak berak azaldu zuenez, antzezlea ere denez, horrek "ikuspegi orokor interesgarria" eman dio obrari, "antzezlan batek musikaren aldetik behar duena ulertzeko orduan". Orotara, Mi último baile antzezlanean bost abesti daude Konpainiak aurreratu zuenez eta denek koreografia dute.

Ondoren, Pabilioi 6en Arriaga An- tzokian bi emanaldiak eskaini ostean, Pabilio 6en izango da astebetez. Martxoaren 13tik 22ra arte Zorrotzaurreko aretoan egongo da Mi último baile, Gazte Konpainiako hirugarren promozioaren obra. Martxoaren 13 eta 14ean eta baita 20 eta 21ean ere, 20:00tan eskainiko da; eta 15 eta 22an berriz, 19:00etan izango dira emanaldiak. Bestalde, sarrerak jadanik salgai daude, bai Arriaga Antzokiko emanaldietarako, eta baita Pabilioi 6koetarako ere.

Orain dela bi urte estreinatu zuen Mi último baile obra Pabilioi 6ko Gazte Konpainiaren hirugarren promozioak, 2018ko urtarrilean hain zuzen ere, eta orain berriro bueltatuko da oholtzara, lehenengo Arriaga Antzokian "birrestreinatuz" eta ostean bere eszenatokira, Zorrotzaurreko aretora bueltatuko delarik astebetez.