ERMUA. Big Dani Pérezek emango dio hasiera 2020ko Bizkaiko blues eta jazz zirkuituari hurrengo larunbatean, urtarrilaren 25ean, Ermun eskainiko duen kontzertuarekin. Zirkuitu honen aurtengo lehenengo gonbidatua izan da.

1979an Bartzelonan jaio zen Dani Perez, eta jump blues, rock&roll, rhythm&blues eta boogie-woogie alorretan estatuko saxofoi jotzaile handienetakoa da egun. Musika klasikoko ikasketak egiten hasi zen, eta 40. hamarkadako saxofoi jotzaileen lanekin topo egin zuen; euren estilo indartsu eta sutsuak eman zion hasiera rock&rollaren eztandari.

90eko hamarkada erdialdean Chevy & The Hot Wheels taldearekin bat egin zuen Perezek, eta horrek bere ibilbideari bultzada handia eman zion. 50eko hamarkadako R&B eta rock&roll gordinena berpizteko helburua zuen taldeak, eta zuzeneko emanaldietan eta estudioko grabazioetan parte hartu zuen. Bere zuzeneko ikusgarriek estilo horretako erreferente bihurtu zuten Espainiako eszenan; bertako talentu bat, edulkoratu gabeko R&B gordina destilatzeko gai den saxoaren sentsazioa, Mississippi berean jaio izan balitz bezala. Horrek lankideen miresmena eta interesa piztu zuen, eta geroago, Los Rebeldes taldearekin bat egin eta gorenean finkatu zen.

Dani Perezek bere soinua partekatu eta musikaren bitartez aurrera egiten jakin du jatorri ezberdinetako talde eta artista askorekin batera, eta Carl Perkins, Dale Hawkins, Billy Lee Reely, The Cadillacs eta The Cleftons taldeekin igo izan da agertokira, besteak beste. Horrez gain, Seguridad Social, Loquillo eta La Frontera bezalako estatuko talde ospetsuekin ere lan egin du.

Egun, Los Rebeldesekin eta musikari ezagunekin elkarlanean jarraitzen du modu aktiboan, eta Bartzelonako Escola Taller de Blueseko irakaslea da. Gainera, bere bakarkako ibilbidearekin aurrera jarraitzen du.

Larunbat honetan bere arteaz gozatzeko aukera izango dugu Ermuan. Sarrerak salgai daude 10 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotarako kutxazainetan eta Kutxabanken webgunean.