BILBO. Gaurtik aurrera eta urtarrilaren 31ra arte, Euskadiko Ikasleen Orkestran sartu nahi dutenek taldean sartzeko probetan matrikulatzeko epea egongo da zabalik. EIOn Kontserbatorioetako zein Musika Eskolako 9 eta 19 urte bitarteko ikasleak sar daitezke.

Otsailean burutuko dira 2019-2020 ikasturtean EIO osatzeko sarrera probak Gasteiz, Donostia zein Bilboko Musika Kontserbatorioetan. Proba hauen egutegi zehatza, beheko tauletan ikus daiteke.

EIOk zehaztu ditu dagoeneko ikasturte honetan izango dituen kontzertu-egutegia nahiz programa, proiektuak dituen bi orkestrentzat: EIO (15 urtetik 19ra bitarteko ikaslez osatua), eta EIO Txikia (9tik 14 bitartekoentzat).

EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra

Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen hezkuntza-proiektu musikala da. Hainbat espezialitatetan musika ikasketak burutzen ari diren ikasleen topagune bihurtzen da EIO, elkarrekin orkestra bat osatuz. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi duen ekimen honek, musika jendaurrean eta orkestra bateko kide gisa jo dezaten plaza eskaintzen die ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika kontserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea da. Alde batetik, ikasleen motibazioa piztu nahi du EIOk, musika ikasketetan jarrai dezaten; eta bestetik, kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera eman.

Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten ari diren neska-mutilek osatzen dute, eta adinaren arabera, proiektuak bi orkestra desberdin ditu: EIO, 15 urtetik 18-19ra bitarteko ikasleek osatzen dute eta EIO Txikia, 9 urtetik 14ra bitarteko ikaslez osatua.

EIOk urtero-urtero antolatzen ditu Musika Eskola eta Kontserbatorioetako ikasleentzat sarbide-probak, bi orkestrok osatuko dituzten musikariak hautatzeko.