BILBO. Gabriel Aresti ipuin lehiaketa klasiko bat da jada literatura bilbotarrean. Aurtengoa XXXVII. edizioa izango da, eta dagoeneko zabalik dago lehiaketan parte hartzeko epea. Irabazleak 3.500 euro eramango ditu, eta euskara zein gaztelaniako modalitateak 1.750 euroko accesit banako saria izango dute. Parte hartzeko epea martxoaren 30era arte egongo da zabalik.

Ekimen horren bitartez, Bilboko Udalak, literatur sorkuntza sustatu eta, aldi berean, euskal hizkuntzak eman duen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazi gura ditu.

Lehiaketa, 18 urtetik gorako edozein nazionalitateko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diren lanen jatorrizko hizkuntza Euskadiko bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da, izan ere, ez da itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira. Gehienez ere hamabost orrialde izango dituzte (Times New Roman edo baliokidean, 12 gorputzean) 1,5 espazioan.

Aurreko edizioetan bezala, modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literatur munduko pertsona ezagunek osatua. Partaideek martxoaren 30era arteko epea izango dute euren lanak formatu digitalean aurkezteko, udal webgunearen bitartez. Oinarri osoak eta parte hartzeko buletina helbide hauetan daude jada: www.bilbao.eus/concursoaresti eta www.bilbao.eus/arestilehiaketa.

2019ko aurreko edizioan, Iñaki Irasizabal Izagirrek irabazi zuen euskarazko kategoria, "Epailearen aginduz" kontakizunarekin, eta gaztelaniazko ipuinen sailean, sariduna Carlos Schilling izan zen, "La muerte en Venecia (Reescrita por John Cheever)" kontakizunarekin. Lehiaketak 1.422 jatorrizko lan jaso zituen, horietako 75 euskaraz.

Gabriel Arestik (Bilbo, 1933 - 1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, eta, horrez gain, literatura unibertsaleko zenbait lan itzuli zituen euskarara eta Euskaltzaindian egin zuen lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu zuen. Idatzi zituen lan ezagunenak "Euskal harria" (1968) eta "Harrizko herri hau" (1971) eta 2014an mende erdi bete zuen "Harri eta herri" (1964) olerki liburuak dira.