Bilbo - Bilboko Udalak antolatzen duen Fant Zinemaldi Fantastikoaren hurrengo edizioa 2020ko maiatzaren 8tik 16ra ospatuko da, eta bertan lehiatuko diren film laburrak zein luzeak aurkezteko epea martxoaren 1era arte zabalik izango da, ohar batean adierazi zutenez.

Pasa den edizioan bere zilarrezko ezkontzak ospatu zituen jaialdi bilbotarrak, eta aurten ere, 26. edizioan, sari ugari banatuko dira. Horien artean, epaimahaiaren eta baita Jaialdi bilbotarrera bertaratzen diren ikusleen iritziz onenak izan diren film laburrei ematen zaizkien 3.000 euroko bi sari. Eta beste alde batetik, epaimahaiak Euskal Herriko film labur hoberenari ematen dizkion 2.000 euroko saria banatuko dira.

Horrez gain, 1.500 euroko saria izango da Panorama Fantastiko Laburra saileko Film Labur Onenarentzat.

Horrez gain, Bilboko udalak ohar baten bidez aditzera eman zuenaren arabera: “Udalak film laburraren formatua bultzatzeko aurrera daraman jarduketa ildoa indartzen duten lau sari dira, izan ere, hori baita Zinemaldi Fantastikoaren nortasun ikurretako bat”.

Gainera, Fant jaialdiaren hurrengo edizioak film luzearen alorreko sariak ere esleituko ditu. Modu horretan, Sail Ofizialeko Film Luze Onenak 3.500 euro jasoko ditu, eta Panorama Fantastiko Saileko Film Luze Onenak bere aldetik, 2.250 euroko sari ekonomikoa jasoko du.

Ohorezko sariak Horrez gain, Sail Ofizialeko film luzeei ematen zaizkien ohorezko sari hauek banatuko dira beste urte batez: Gidoi Onenaren Saria, Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak ematen duena, eta beste alde batetik, Zuzendaritza Berritzaileen Saria, Fas Zine Klubaren eskutik.

Fantrobia saria ere banatuko da beste behin, “zine fantastikoaren barruan azken urteetan hazten ari den balio gisa azaldu den pertsonari”.

Halaber, hirugarren urtez jarraian Unión de Actores Vascos-Euskal Aktoreen Batasuna ohorezko saria emango zaio Euskal Fant Laburra Saileko antzezpen onenari. Euskal Aktoreen Batasunak izendatutako epaimahaiak egingo du aukeraketa. - DEIA