Bilbo - Hainbat ikusentzunezko ekoizpen egina zara aspalditik. Baina gernikarra izanik, zure herriko ekimen honetan eran-tzukizun handiagoa somatu duzu?

-Lanerako irizpidea elkarlana izan da. Guk alde profesionaletik egin dugu lan, baina bolondresik gabe ez zen posible izango. Kontuan eduki dugu elkarte batentzako lana zela, eta gero norberak bere alea jarri ahal izan du, beti ere errespetu osoz. Marijesiek argi eduki dute gauza ba-tzuk erakutsi nahi zituztela; nik ere nire aportazioak egin ditut... Gero, nahiz eta kutsu erlijiosoa duen ohitura izan, komunitatea sortzeko duen ahalmena ere azpimarratzen saiatu gara, identitate-marka moduan, Interneteko garaian eta globalitatean era honetako tradizioak onak direla herriarentzako. Eta, azkenik, genero ikuspegitik ere egon den integrazio hori erakutsi dugu. Modelikoa izan ahal dena, baina ez gatazka gabekoa.

Genero-ikuspegia garrantzitsua izan da marijesien azken urteetako ibilaldian. Zer pisu izan du?

-Ekimen honekin Marijesiek XXI. mendera etorri nahi izan dute, mendeetako ei datorren tradizioa nola eguneratu den ikustea. Emakumeen parte hartzea beste eguneratze baten moduan ikusi ahal dugu. Errelato hori badago, eta pieza garrantzitsua da. Lehenengoz kanta egitera irten zuen Mila Obieta agertzen da. Baita iragan den urtean eta lehenengo aldiz bakarlari izandako Ane Miren Arejita ere. Etorkizuneko erronkak ere irudikatu nahi izan ditugu, zen-tzu horretan ere badirelako.

Teknologia berriak landu dituzue dokumentala egiterakoan.

-Proiektuaren funtsa transmisioa baden, nahi ala ez gaur egungo euskarriak landu behar dituzu. Proiektuaren hasiera ez zen oso argi zer sortuko zen, bidean ikusi dugu elementu desberdinak egon zitezkela. Hori da ispiritua.