86 artistaren emanaldi izan dira aurten Eskozian #ScotlandGoesBasque programari esker
Etxepare Euskal Institutuak Eskozian gauzatu den programa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien laguntza dauka
BILBO. Programa urtarrilean abiatu zenetik, euskal sortzaileen proposamenak Eskozian, kulturaren alorrean, dauden hitzordu garrantzitsuenetako batzuetan erakutsi dira; hala nola Celtic Connections, CinemaAttic, Edinburgh International Film festival, Edinburgh Festival Fringe edota Edinburgh International Book Festival jaialdietan; eta Institutuak sustaturik, beste hainbat ekimen garatu dira bertan, esaterako, Europa Transit Zikloa. Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren esanetan, euskal sortzaileen parte hartzeak “oihartzuna eta aitorpena” lortu ditu.
Orotara, 86 euskal sortzaile (musikari, antzezle, dantzari, idazle, zine zuzendari eta abar) izan dira Etxepare Euskal Institutuak sustatutako 106 jardueratan. Publikoari irekitako saioez gain, zinearen eta musikaren inguruko topaketa profesional bana, eta nazioarteko kongresu bat ere burutu dira. Guztira, 137 euskal kultur eragilek bidaia egin dute Eskoziara urtean zehar burutu diren jarduera ezberdinetan parte hartzeko.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren hitzetan, “#ScotlandGoesBasque harremanak sendotu, aukera berriak sortu eta etorkizunera begira lankidetzak egonkortzeko parada izan da”. Halaber, lurralde berean hainbat hilabetetan zehar kultur eskaintza zabal bat luzatu izanak “euskara eta euskal kulturaren proiekzio anitz eta osatuago bat” ematea ahalbidetu duela iritzi du.
“#ScotlandGoesBasque ekimenak, euskal sortzaileen lana nazioartean entzutetsuak diren Eskoziako jaialdietan eskaintzeko aukera eman digu, herrialde askotako ekoizle zein programatzaile ugariren topagune direnak. Euskal sorkuntza parez pare munduko bazter guztietatik etorritako eta edozein hizkuntzatako sorkuntzarekin batera eskaini ahal izan da, bere maila erakutsi, esperientziak partekatzetik ikasi eta, aldi berean, audientzia berrietara zabaldu da”, adierazi du Larrazak.
Hilabeteotan Eskozian izandako euskal sortzaile eta kultur eragileentzat esperientzia “oso positiboa eta emankorra” suertatu dela adierazi du Institutuko zuzendariak, eta euren lana #ScotlandGoesBasque bezalako programa baten baitan aurkezteak “bakarka egiteak eskaintzen ez dizkien aukerak” ematen dituela nabarmendu du. Bere esanetan, nazioarteko eragileen artean, publikoaren artean bezalaxe, euskarak eta euskal sorkuntzaren berezitasunak “miresmen handia” sortu dute. Piztutako jakinmin horren erakusgarri da, hain zuzen ere, bertan parte hartu duten artista batzuk Eskoziako kultur egitasmo gehiagotan euren lana erakusteko aukera izango dutela #ScotlandGoesBasque proiektuak iraun duen ziklotik haratago.
Urtean zehar, #ScotlandGoesBasque ekimenean sustatu diren kultur ekintza gehienetan eduki grafikoa bildu dugu; eta hemen aurki daiteke, ekintzaka banatuta. Horrez gain, ekintzen laburpen bideo batzuk ere aurki daitezke zerrenda honetan.
Más en Cultura
-
Arriaga Antzokiak produkzio propioaren aldeko apustua egin du
-
Etxepare incrementará un 15 % las ayudas a la proyección exterior de la cultura vasca
-
El Arriaga redobla su apuesta por la producción propia y el talento local
-
La granadina Violeta presentará su debut discográfico en el Palacio Euskalduna