BILBO. 1976an Gasteizen izan ziren eta poliziaren tiroek hildako bost langile eragin zituzten gertakari larriak kontatzen dituen “Vitoria 3 de marzo” filmak irekiko du gaur, Azkuna Zentroko Golem zine aretoetan (Bilbo), Zinexit Topaketak ekimena, Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubide Zuzendaritzak urtero antolatzen duen Zinexit Erakusketaren aurreko zine zikloa.

Ekimenaren helburua duintasunaren eta funtsezko eskubideen errespetuan oinarritutako bizikidetza bultzatzea da, horretarako tresna gisa zazpigarren artea erabiliz. Zinexit Topaketak ekimena atzo goizean aurkeztu zuen Bilbon Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktima zuzendariak, eta, adierazi zuenez, ekimena “zinearen aldeko apustua da, mobilizaziorako, gogoetarako eta bizikidetzaren eta pertsonen funtsezko eskubideen defentsa sustatzeko tresna gisa”.

Zine Erakusketak hamargarren urteurrena betetzen du aurten eta, hori dela eta, Zinexit Topaketak ekimenak proiekzioa zabalduko du, lau proiekzio jasotzeko. Egunero emango dira, bihartik ostiralera, urriaren 11ra, arte, 19:30ean, Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zine aretoetan

“Vitoria 3 de marzo” filmarekin batera, egitarauan “What have we done to deserve this?” (Austria, 2018), “Stitches” (Jugoslavia ohiko hainbat herrialderen arteko ekoizpena, 2019) eta “Slam” (Australia-Frantzia arteko ekoizpena, 2018) filmak ere jasoko dira.

Lau filmak, aurten azaroaren 25etik 29ra luzatuko den Zinexiten, Zine eta Giza Eskubide Erakusketaren, X. edizioaren aurrerapena izango dira.