BILBO. Dolores Redondo idazleak bere eleberri berria, 'La cara norte del corazón', Bidebarrieta Kulturgunean aurkeztuko du hurrengo ostegunean, hilak 10, arratsaldeko 19:30ean. Bidebarrietan egiten diren aurkezpen guztiak bezala, sarrera libera izango da aforoa bete arte, eta horrez gain, joan ezin direnentzat, streaming bitartez eskainiko dute www.kulturguneatb.eus webgunean.

'La cara norte del corazón' 2005ean dago girotuta, Baztan harana astindu zuten krimenak baino askoz lehenago. Hogeita bost urteko Amaia Salazar gaztea, Foruzaingoko inspektoreordea, Europoleko polizientzako truke ikastaro batean ari da parte hartzen FBIren Akademian, Estatu Batuetan. Ikastaroa Aloisius Dupree ikerketa unitatearen buruak ematen du. Probetako batean, “konpositorea” deitzen duten serie hiltzaile baten kasu erreala aztertzen da. Beti ere hondamendi natural handiak ematen direnean aritzen da, familia osoak erasotuz eta ia liturgiakoa den eszenan jartzea jarraituz.

Amaia, ezustean, New Orleansera eramango dituen ikerketa taldeko kide bilakatuko da, bertako historiako urakan gogorrenaren bezperatan, hiltzaileari aurre hartzen ahalegintzeko. Baina Engrasi izebak Elizondotik egingo dion deiak haurtzaroko mamu guztiak piztuko dizkio, berriro ere beldurraren eta oroimenen aurrean jarriz.

Dolores Redondo (Donostia, 1969) Baztango Trilogiaren, azken urteetan gaztelaniaz idatzitako literatura fenomeno garrantzitsuenetako baten, egilea da. Trilogia horren hiru liburuak "El guardián invisible", "Legado en los huesos" eta "Ofrenda a la tormenta", bi milioi irakurle baino gehiagorengana heldu dira. "El guardián invisible" argitaratu ondoren, kritikak gure herrialdeko noir izenekoaren proposamen orijinalen eta indartsuenen artean jarri zuen, eta eleberri bakoitza kaleratu ahala kritikak txalotzen jarraitu du. Trilogiaren ondoren, 2016ko Planeta Saria irabazi zuen "Todo esto te daré" etorri zen. Gaur egun, mundu osoko 36 argitaletxe baino gehiagok argitaratu dituzte bere lanak.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bilboko Udalak Bidebarrietako liburutegiaren barruan duen gunea da, eta bere helburu nagusia liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena da.