Dantza tradizionala

Aiko Taldeak klaseen ateak zabalduko ditu urrian zehar

Nahi dutenek klaseetaz gozatu ahal izango dute dohainik eta konpromisorik gabe

09.02.2020 | 17:39
Aiko Taldea, entsegu batean

Nahi dutenek klaseetaz gozatu ahal izango dute dohainik eta konpromisorik gabe

BILBO. Aiko dantza taldeak bere klasetaz disfrutatu nahi duen edonorentzat zabalduko ditu ateak urrian zehar. Horrela, dantza gustokoa dutenek dantza tradizionala ikasi ahal izango dute dohainik eta konpromisorik gabe.

Hilabete honetan, dantza tradizionalaren zaletu guztiak kolektiboak astero Bilbon, Donostian, Durangon, Gernika-Lumon, Galdakaon, Markina-Xemeinen, Lekeition eta Bermeon antolatzen dituen tailerretako edozein saiora hurbildu ahal izango dira. Hilabete honetan joatea guztiz librea izango da, eta, horrela, interesatuta dauden guztiak gura duten klase guztietara joan ahal izango dira, edozein maila (oinarrizkoa edo aurreratua), ordutegi edo udalerritan. Aukerak www.aikotaldea.eus <http://www.aikotaldea.eus> webgunean edo 634 423 539 telefono zenbakira deituz kontsultatu ahal izango dira.

Gainera, euskal dantzarako hurbilketa hori are errazagoa izan dadin, ez da inolako izen ematerik edo plaza erreserbarik egin beharko bertara joateko. Nahikoa izango da dantzan egiteko gogoz hurbiltzea, Aiko Taldearen filosofian ohikoa denez, ekimenak ez du bakarrik musika eta dantza tradizionalak hedatzeko eta partekatzeko apustua egiten, gozamena ere bultzatzen du. Eta esperientzia are bereziagoa egiteko, BBK Fundazioaren laguntza duen kolektiboak benetan luxuzkoak diren agertokietan egiten ditu bere tailerrak, Bilboko Campos Elíseos antzokian, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Durangoko Plateruenan edo Bermeoko Kafe Antzokian, besteak beste.

Dantzarekin lehen hartu-emana izateko aukera horren ondoren, ekainera arte klaseekin jarraitu gura dutenek matrikula egin ahal izango dute gurago duten lekuan, doako saioak beste leku batean egin badituzte ere. Guztietan, ikastaroak bi mailatan ematen dira: hastapena eta hobekuntza.

Partehartzaile bakoitzak bere mailarekin bat datorren taldean izena emateko aukera izango du. Honela, lehenengo pausoak eman nahi dituzten zaletuek Oinarrizko Dantza Ikastaroetan (dantza tradizionalean hasteko ikastaroetan) parte har dezakete. Bertan, dibertimendua xede duen ikasketa-prozesu xume baten bidez, Aikok dantza tradizionalaren errepertorio-aukerak irakatsiko dizkiete ikasleei. Saio horietan, dantzarekin batera, gorputz-koordinazioa eta koordinazio erritmiko-musikala hobetzeko jarduerak lantzen dira, soka-dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa eta abar uztartzen dituen dantza-errepertorio aberatsari aplikatuta. Oinarrizko ezagutzak dituztenei, Aikok zaletasuna maila bereko dantzazaleekin partekatzeko aukera eskaintzen die 'Dantzaguneak' deritzen dantza egiteko esparruetan, dantza-irakasle baten gidaritzapean errepertorioa praktikatu eta aberas dezaten.

Dantza tradizionala balioan jartzea

Ikastaro egonkorren, tailerren, mintegien eta erromerien bitartez, Dantzaldi Ibiltaria alternatiba erakargarria eta naturala da, dantzan hasteko eta gure dantzen errepertorio zabalarekin gozatzeko. Ekimen horren bitartez, Aikok indartu egiten du musika eta dantza tradizionalak zabaltzeko eta konpartitzeko, eta baita gozatzeko, apustua. Helburua, sozializazio, topaketa eta komunikazio gune garrantzitsu izaten jarraitzea da, dantza konpartitzeko lekua, hain zuzen ere. Izan ere, dantza, euskararekin batera, Euskal Herriko kultur eta nortasun zeinu garrantzitsuenetakoa da.

Prestakuntza eta dibertsioa konbinatuz, programa honen barruan, asteroko dantza klaseez gain, hurrengo hilabeteetan hainbat lekutan egingo diren tailer ibiltari eta monografikoak, erromeriak eta musika eta dantza tradizionalari eskainitako asteburuak ere jasotzen dira, dantza egiteko eta ondo pasatzeko helburu bikoitzarekin.
 
Hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea

Duela hamaika urte sortu zen Aiko Taldearen ezaugarri nagusietakoa, dantza tradizionala irakasteko, baloratzeko eta gozatzeko orduan erakusten duen estilo berria da. Denbora honetan guztian, 4.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte taldeak Euskal Herri osoan antolatu dituen ehunka ikastaro, tailer, erromeria eta emanalditan.