bilbo - Nola heldu da euskara jasoa izatera? Erakundearen ehungarren urteurrenarekin bat, egungo egoerara heltzeko bidean egon diren gazi-gozo nagusiak zeintzuk izan diren eta horiei irtenbidea nola aurkitu zaien erakusteko jomugarekin, galdera horri eran-tzuna ematen dion Egunak eta lanak dokumentala aurkeztu zuen atzo Euskaltzaindiak Bilboko BBK Aretoan. “Euskaltzaindiaren jarduna ezagutarazteko bidea ematen du dokumental honek eta, bide batez, euskarak berak azken mendeetan eginiko ibilbidea erakusten digu”, azaldu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak. Hori bai, dokumentalaren begirada egindako bidera ez dela mugatzen ziurtatu zuen Urrutiak: “Mendeurrenarekin gure historiaren aro bat ixten dugu, baina orain beste historia bat hasten da; Euskaltzaindiarentzat ez ezik, euskararentzat ere zer nahi dugun XXI. mende honetan”.

Lanaren jatorrizko ideia Bernardo Atxagarena da, eta Fermin Etxegoienek zuzendu du. Antzezle moduan Miren Gaztañaga eta Mikel Ibarguren aritu dira eta, irudiaren ardura Hodei Zambrano eta Haizea Pastorrena izan da.

Atxagak Manuel Larramendik XVIII. mendean idatzi zuen El imposible vencido gramatika liburua hartu du istorioaren ardatz gisa. “Ez soilik hark bere garaian hiztegigintzan eta gramatikan egindako lanagatik, ezpada bere jarreragatik, erakutsi zuen kemen eta ausardiagatik”, gogorarazi zuen idazleak.

Egunak eta lanak dokumentalaren ekoizpena Beittu Video Factory-k burutu du, EITBren eta BBK Fundazioaren babesa jasoz. Urriaren 8an egongo da ikusgai ETB1en, 22:15ean, Gure kasa saioaren ostean. Aurrerago, Euskaltzaindiak dokumentalaren bertsio laburtuak ipiniko ditu sarean azpititulatuta (frantsesez, ingelesez eta gazteleraz).

Bien bitartean, galdera bat dago argitzeke. Zertarako dokumentala? Horra hor Atxagaren erantzuna: “Dokumental hau egin dugu euskaldun uzkur eta ilunak motibatzeko, ikus dezaten kultura aberatsa dugula, hizkuntza ederra daukagula, eta kontuan har dezaten iraganean gauza ederrak egin zirela, euskaltzale ausartak eta aurrerakoiak izan ditugula geurean. Batzuetan iruditzen zait euskaldunok depresio moduko batek jota bizi garela, eta hori aldatu beharra dago herri moduan aurrera egin nahi badugu”.