BILBO. Euskalduna Jauregiak Les Luthiers hartuko ditu martxoaren 16, 17 eta 18an. Hiru emanaldi baino ez dira izango, eta Argentinako taldeak “Viejos Hazmerreíres” ikuskizuna emango du. Ia bi ordutan, bere lan ospetsuenetako batzuk eskainiko ditu. Kritikari batzuen iritziz taldearen historia ondoen erakusten duen bilduma osatzen duen antologia bikaina da.

Joan den irailaren 4an eszena gainean 52 urte bete zituen Les Luthiers taldeak, kontu handiz aukeratu diren eta Radio Tertuliaren hari gidariarekin integratuta dauden piezekin osatutako ikuskizuna emango du Euskaldunan. Horri esker, pieza bakoitzak beste dimentsio bat hartzen du, jatorrizko funtsa galdu barik. Horrela, Las Majas Del Bergantín (Itsasoko zartzuela), Quién Mató a Tom McCoffee (Musika seriean), Loas Al Cuarto De Baño (Osasun lana) edo Pepper Clemens Sent the Messenger, Nevertheless the Reverend Left the Herd (ten-step) lanen bertsio berriztatuak ikusi eta entzun ahal izango ditugu.

Errepertorioan Todo Por Que Rías, Luthierías, Unen Canto con Humor, El reír de los Cantares, Los Premios Mastropiero, Lutherapia eta Por humor al arte ikuskizunetako lanak ere jasotzen dira.

Eta baita lan berriak ere, Receta Postrera, besteak beste, Rosaritok eta Claritak postre berritzailea egiteko errezeta konpartitzen duten sukaldeko baltsa. Pieza horretan musika-tresna informal berria erabiliko dute: 11 zartaginek eta 6 lapikok osatutako sukaldeko bateria.

Sarrerak salgai daude jada www.euskalduna.eus webgunean eta ohiko beste kanaletan, 42 eurotik aurrera (kudeaketa gastuak barne).