BILBO. Egun horretan, erakusketa eta urte osoko hitzaldien zikloa aurkeztuko dira. Bestalde, lehen hitzaldi hori baliatuko da erakusketa berriaren alderdi ez hain artistikoei erreparatzeko, hots, bigarren industria iraultzan, artelanak erreproduzitzerakoan, zer garrantzi izan zuten arlo elektrikoan egindako aurrerapenek.

Esan daiteke XIX. mendeko erdiespen handienetako bat elektrizitatearen alorreko ezagutza izan zela. Horri esker, aldaketa sozial eta tekniko izugarria egon zen, eta mundua aldatu zen. Erakusketaren testuinguruari bagagozkio, Artearen zerbitzura ipini zen, elektrodeposizio deritzon teknikaren bidez. Prozesu horri esker, posible izan zen antzinako obren kopia perfektuak ekoiztea; “Altxor elektrikoak” erakusketaren kasuan, Antzinako Erromako urregintza-piezen faksimileak: ontziteria, eguneroko erabilerako objektuak... Elektrizitatearen alorreko aurrerapenak oro har eta galvanoplastiaren alorreko aurrerapenak zehazki, argi utzi zuen zer aukera ematen zuen prozedura berriak, eta horrek protagonistek patenteak erostera eraman zituen, aukera ekonomikoak balia zitzaten. “Altxor elektrikoak” aldi baterako erakusketan ikus daitezkeen objektuetako asko orduko ekoizle garrantzitsuenetako batek kopiatuak dira: Chritofle & Cie.

“Artelana bere testuinguruan” ekimenaren lehen saio honetara joaten direnek aldi baterako erakusketa berriaren lehen zertzeladak ikusi ahal izango dituzte, bai eta urtean zehar aztertuko diren obra guztien berri izan ere.

Jarduera doakoa da, eta interesa duen edonori irekita dago. Zikloa, dagoeneko, erreferente bihurtu da Museoaren programazioan, bere alderdi pedagogiko eta kulturalean finkatuz. Bilboko Berreginen Museoa (2006ko azaroan berriro zabaldu zuten oraingo egoitzan, Mariaren Bihotza Eliza zaharrean) Bizkaiko hiriburuko zaharrenetarikoa da. Orain dela 80 urte sortua, bere generoan onenetakoa da, ikusgai dituen kopien aukeraketa eta kalitatea direla-eta.